Aiarrak Aiako txokoak erakusten

Karkara 2014ko urr. 28a, 11:40

Happy, Pharrell Williamsen kantua. Zoriontsu, Sonia Real bere ideia aurrera atera duelako; zoriontasuna, bideoak transmititzen duena. Aiarrek Aia ezagutzera eramango dute bideoklip baten bitartez; irudietan herritarrak eta doinuan Williamsen Happy.

 

Munduko taberna ia guztietako bozgorailuetatik entzun da abestia. Bideoklipa pantaila guztietan erreproduzitu da eta ikus-entzunezkoaren bertsioak egitea birala bilakatu da. Sonia Realek tendentzia jarraitzea erabaki zuen eta bere bizitokia aitzakiatzat hartu du horretarako.

Ideia izan eta produktoreetako ateak jotzen hasi zen. Ez, ez eta ez. Debalde lan egiteko prest zegoenik ez zegoen. Ezezkoak barra-barra jaso ostean zuzeneko atea jo zuen, Sonia Alvarezek bai erantzun zion. Behin kameralaria aurkituta, udaletxeko atea jo zuen. Udalean onartu egin zuten bere ideia.

Herritan ideia zabaltzea eta babesa jasotzea zen, orduan, gakoa. Mahai baten bueltan bildu ziren herriko hainbat eragilerekin –Iturrarangoak, festa batzordeko kideak eta alkatea– eta guztien artean Realek zuen zirriborroari ekarpenak egin zizkioten. Itxura hartu zuen Realek buruan zuen ideiak. Eta paperetik akziora igaro ziren, grabaketetara. Irailaren 22an egin zuten lehena, 29an bigarrena, 9an ondorengoa eta 17an orain arteko azkena.

Herriaren proiektu bilakatu da, herriko eragile eta norbanako askok hartu dute parte: pilotariek, haurrek, festa batzordekoek... Hamaika dira bideoan agertzen diren herritarrak eta hamaika ateratzen diren Aiako tokiak.

Herriarekin eta herritarrentzat egiten ari diren lana da, baina baita kanpotarrentzat ere. Erritmo zoriontsuen gainean egindako bideoarekin Aia ezagutzera eraman nahi izan baitu Realek

Grabaketetako irudiak

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!