Bi fasetan egingo da eskola berria

Karkara 2015ko ots. 18a, 16:52

Eskola berria eta kooperatiba uztartzen dituen eraikina izango denaren aurkezpena egin zuten atzo, otsailaren 17an, Aiako Kultur Etxean

Udalean proiektua aho batez onartu zen, eta martxoan lanak martxan jartzeko asmoa dute. 1.899.752 euroko aurrekontua du eskola berriaren eta kooperatibaren eraikina egiteko planak, eta bi fasetan egingo da. Hamasei hilabetetako lana aurreikusten du udalak, eta 2016ko irailean ikasleek kurtsoa eraikin berrian hasteko nahia adierazi zuen Igor Iturainek otsailaren 17an egin zuten proiektuaren aurkezpenean.

Eraikinak bi erabilera izango ditu. Batetik, hezkuntza izango da jarduera nagusia, azaleraren %82a hartzen duelarik. Bestetik, eraikinaren gainontzeko azalera –%18a– hirugarren erabilera izango duen lokal batek hartuko du, erdisotoan. Lur-Alkartasuna Kooperatibak kudeatuko du azken hori.

Bi fase

Guztira 16 hilabete iraungo duten bi fasetan banatuko dira lanak. Lehenengoan, urbanizazio eta lur-higidura lanak, zimenduak, egitura, fatxada eta estalkia egingo dira. Bigarren fasean barnealdea egokituko da: lehen solairuan eta erdisotoan trenkadak, instalazioak eta akaberak egingo dituzte. Lehen solairua hutsik geratuko da, aurrerago, beste fase batean, egokitzapen lanak egiteko.

Bi solairu eta erdisotoa

Lardizabal eskolaren eraikin berriaren banaketa Eusko Jaurlaritzaren arauen arabera diseinatu zela esan zuen Jorge Saiz arkitektoak. Hiru maila izango ditu: beheko solairua, lehenengoa eta erdisotokoa. Beheko solairua eta erdisotoa egokituko dira obraren lehen bi faseetan, eta lehen solairua hutsik utziko da, aurrerago egokitu ahal izateko.

Beheko solairuan egongo da sarrera nagusia, eraikinaren hegoaldetik. Korridore batek zeharkatuko du eraikina alderik alde. Alde batean, hegoalderantz orientatuta, idazkaritza eta irakasleen gelak –irakasle gela, zuzendariaren bulegoa, artxiboa...– egongo dira batetik, eta jangela eta bertako langileen gunea –officea, aldagelak, biltegia, zaborrak...– bestetik. Jangelak 105 metro karratu izango ditu eta 110 pertsona hartu ditzake txanda bakoitzean. Jangelako langileen guneak aparteko sarbidea izango du zamalanetarako.

Beste aldean, iparralderantz orientatuta, komunak, guraso elkartearen gela, eta Haur Hezkuntzako lau ikasgela egongo dira. Ikasgelak elkarren artean komunaren bidez konektatuko dira. Ikasgela horietatik eraikinaren iparraldean egongo den terraza batera irten ahal izango da.

Erdisotoa sarbide desberdinak izango dituen eta elkarren artean independenteak diren bi zatitan banatuko da. Eskolari dagokion atalean, eraikinaren iparraldetik sarrera bat egongo da, eta igogailu eta eskailera bidez goiko solairuekin lotuta egongo da. Aldagelak eta gimnasioa izango dira erdisotoko instalazio nagusiak. Gimnasioak, eraikinaren ekialdetik, irteera izango du ondoan dagoen kirol-zelaira.

Erdisotoan egongo dira instalazioak ere, galdara eta telekomunikazio gelak, besteak beste. Eraikinaren ipar-ekialdean, hirugarren erabilera emango zaion eta solairu berean kokatzen den lokalera sarbidea egongo da, eta aparkaleku bat egongo da alboan, erdisotoko solairuaren mailan.

Lehen solairuan, egokitzapen lanak egiten direnean, honako guneak egongo dira: komunak, lehen hezkuntzako ikasgelak, balio anitzeko ikasgela, informatika gela eta liburutegia. Guztira, 1957 metro karratuko azalera erabilgarria izango du eraikinak.

Hirugarren erabilera: Kooperatiba

Erdisotoko solairuan hirugarren erabilera emango zaion 400 metro karratu inguruko lokala egongo da. Lokal horretan Lur-Alkartasuna Kooperatibak Eroskiren frankizia denda jarriko du. Eraikinaren gainonteko azaleran emango den jardueraren desberdina izango denez lokal horretakoa, aparteko sarbidea izango du eta ez da eskolarekin barrutik lotuko.

Eroskiko ordezkariak aurkeztu zuenez, Eroski City izango da lokal horretan jarriko duten denda. Eroski Kooperatiban denda guztietan eredu bera erabiltzen hasi direla azaldu zuen, eta hori bera egingo zutela Aiako dendan: irudia, erosotasuna –korridore zabalak, tenperatura egokia...–, produktu gama, prezioak eta zerbitzuak gainerako Eroski dendetako berak izango direla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!