Lekuz kanpo

Karkara 2015ko aza. 3a, 15:30

Eta hara non, parez pare, AHTaren tunel baten lanak ikus genitzakeen. Mendiaren orlegian zulo gris bat

Ezinbestekoa da momentu batez gelditzea eta hausnartzea bizi duguna beste modu batera ikusteko. Argi eta garbi ikusi nuen hori Gerard Ortín artistak prestatutako Trabeska izeneko mendi-ibilaldi, esku-hartze artistiko eta performacean. LaPublika esparru publikoari buruzko arte-ikerketarako laborategiak antolatu zuen ekimen hau. Udazken igande horretan mendian ibilaldi bat baino zerbait gehiago egin genuen.

Autobusean iritsi ginen Betsaidera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia elkartzen diren mendira. Infusio bero bat hartu eta antolatzaileei jaramon eginez isilik sartu ginen basoan barrena, pistatik kanpo. Ibilaldi osoa isilik eman genuen eta sakelako telefonoa eta gainontzeko gauzak autobusean utzi genituen. Zuhaitz eta sasi artean nola edo hala aurrera egin genuen tarte batez eta halako batean zelai batera iritsi ginen. Gelditu eta arnasa hartu genuen eta gure begiek ere, gure zentzuek, lasaitua hartu zuten, begirada altxa genezakeen. Eta hara non, parez pare, AHTaren tunel baten lanak ikus genitzakeen.

Mendiaren orlegian zulo gris bat. Ibilbidea jarraitu genuen, berriro basoan murgilduz. Ekialderantz jarraitzen ari ginen marra zuzenak errepide batekin egin zuen topo eta aurrean mendi zatitu bat genuen. Errepidetik jarraitu genuen bidea. Oraindik isilik, oinak berriro lur artifizialki laura ohitzen ari zitzaizkigularik koba baterantz gidatu gintuzten. Meditaziorako gisako musika jarri zuten eta minutuak, iluntasunean, hausnarrean. Halako batean, trenaren soinua  atera zen bafleetatik, AHTa, gero eta ozenago eta dena isildu zen. Kobatik atera eta autobusean sartu ginen. Musika jarria zegoen – eta oraindik isilik – hautsitako paisaiaz jabetzen ginelarik egin genuen bueltako bidea. Autopista, tunel, fabrika, harrobi eta abarrak inoiz baino argiago ikusi genituen, inoiz baino lekuz kanpokoago.