Mapa eta iparrorratza lagun Aiako Orientazio Proban

Karkara 2017ko ots. 15a, 16:36
Iaz hainbat parte-hartzaile Aiako Orientazio Proban

Igandean Gipuzkoako II. Orientazio Ligako proba puntuagarria jokatuko da Aian. Pagoeta Parke Naturala eta bertako natur ondarea ezagutzeko aukera aproposa izango da Aiako orientazio proba.

Igandean ehunka lagun Pagoetako basoetan barrena murgilduko dira, mapa eta iparrorratza eskuan hartuta. Gipuzkoako II. Orientazio Ligako proba puntuagarria jokatuko dute Aian. Familiak, gazteak zein helduak bilduko ditu kirol hitzorduak. 

Aiako kaskoan abiatuko dute proba, eta bertatik Pagoetako basoak zeharkatuko dituzte parte-hartzaileek. Hiru ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: gorria (5,4 kilometrokoa) helduentzat; laranja (3,8 kilometrokoa) heldu hasi berrientzat, eta horia (2,5 kilometrokoa) umeentzat eta familientzat.
Proban parte hartu nahi dutenek, osteguneko gauerdia baino lehen eman behar dute izena, Gipuzkoako Orientazio Taldeko webgunean
 
Arlo fisikoa eta teorikoa
Mendiko jardueren artean ezezagunak dira orientazio probak, baina urtez urte indarra hartzen ari dira inguruan. Parte-hartzaile bakoitzak bere mailara egokitutako ibilbidea aukeratu ohi du. Irteeran mapa ematen dute antolatzaileek, eta ahalik eta denbora gutxienean, mapan zehaztuta dauden balizak zeharkatu behar izaten dituzte; mapa eta iparrorratza erabiltzen dituzte orientatzeko. GPSaren garaian, iparrorratza eta mapa hartuta orientatzeko abilezia berreskuratu eta garai batean ikasitakoa praktikan jartzen dute parte-hartzaileek.
 
Orientazio probek lehiaketa jorratzeko modu berezia ere badute, norberaren buruaren aurka lehiatzen dutela esaten baitute parte-hartzaileek. Banan-banan ateratzen dira irteera puntutik, eta lasterketan zehar ez dute beste parte-hartzaileen erreferentziarik izaten.
Orientazio proban zehar batetik bestera dabilen jendez josita ikusi daiteke basoa. Batzuk oinez lasai eta besteak korrika. Izan ere, kirolari bakoitzak bere maila fisikoaren eta orientazio ezagutzen arabera bere estrategia antolatu ohi du. Basoan abilezia handiegirik ez dutenak, bidezidorretatik joaten saiatzen dira; eta ondo moldatzen direnak, berriz, basoan barrena ibiltzen dira.
Bakarka edo familian parte hartu daiteke orientazio proban, eta familiei zuzendutakoak etxeko txikiekin egiteko mundialak direla nabarmentzen dute parte-hartzaileek. Beraientzat jolasa da: kirola egiten duten bitartean, altxorraren bila ibiltzen baitira. Familian egiteko oso jarduera gomendagarria da orientazio proban parte-hartzea, umeak asko motibatzen baitira.
 
AIAKO ORIENTAZIO PROBAKO EGITARAUA
Otsailak 19, igandea
- 09:30. Harrera gunearen irekiera. Aiako frontoian egongo da harrera gunea. 
- 10:00. 20 minutuko hastapeneko ikastaro azkarra.
- 10:00etatik 12:00etara, irteerak, Aiako plazatik.
- 14:00. Itxiera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!