Aiako alkateak bilerak egingo ditu auzoetan 2017ko asmoak azaltzeko

Karkara 2017ko mar. 2a, 17:15
Andatzako eskolan auzo elkartea egingo du Aiako Udalak.

Udalaren proiektuak azaltzeaz gain, herritarren iritziak eta ekarpenak ere jaso nahi ditu Aiako alkate Nekane Arrizabalagak. Auzoek «bizirik» egon behar dutela nabarmendu du alkateak.

Hilabete honetan Aiako alkate Nekane Arrizabalaga auzotarrekin bilduko da 2017 urterako Aiako Udalak dituen asmoen berri emateko. Gainera, herritarren iritzi eta ekarpenak ere jaso nahi ditu auzoz auzo egingo dituen bileretan; Urdanetan, Elkanon, Santio Errekan eta Andatza auzoetan egingo dituzte bilerak.

Aurtengo aurrekontua osatzerakoan auzoen beharretan arreta jarri du Udal Gobernuak. 2016ko inbertsio nagusia eskola berria amaitzea izan zen, eta auzoen eskariak aurrerago egitekotan geratu ginen. Horregatik, 2017an auzoetan inbertituko dugu, eta auzotarrei gure proiektuak azaltzeko antolatu ditugu bilerak, dio Arrizabalagak.
 
Auzoak "bizirik"
Arrizabalagak alkate kargua hartu zuenean herriarentzat auzoek duten garrantzia azpimarratu zuen. Aia herriguneak eta auzoek osatzen dutela azaldu du, eta auzotarrek lan handia egiten dutela beren ingurua txukun-txukun izateko. Argi dugu auzoek bizirik izan behar dutela.
 
Bileren egutegia
- Larunbata, martxoak 4. 12:00etan bilera egingo dute Urdanetako Eskola-etxean. 
- Martxoak 11, larunbata. Bilera, 12:00etan, Andatzako eskolan.
- Martxoak 18, larunbata. Santio-Erreka auzoan egingo dute bilera 12:00etan, Mutilardoko egoitzan.
- Martxoak 25, larunbata. 12:00etan izango da auzotarrekin bilera, Elkano elkartean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!