Andatzan auzo elkarte berria egingo dute eta Santio Errekan haur parkea

Karkara 2017ko mar. 29a, 16:10
Aiako Santio Erreka auzoa
Aiako alkateak auzoetan bilerak egin ditu 2017rako proiektuen berri emateko eta auzoetako beharrak ezagutzeko .Aiako Udalak telekomunikabideen inguruko azterketa egingo du
 
Aiako alkate Nekane Arrizabalaga herriko hainbat auzotan bizi diren herritarrekin bildu da martxoan zehar. Urdanetan, Andatzan, Santio Errekan eta Elkanon egin dituzte bilerak, eta Aiako Udalak auzoetako frontoiak txukuntzeko asmoa duela azaldu die alkateak, baita azpiegitura eta baserri bideetan mantenu lanak egiten jarraituko dutela ere.
 
Era berean, Andatzako Eskola Txikian auzo elkartea egiteko proiektua aurkeztu du. Proiektuak bi fase izango ditu. Lehen atalean eraikinaren egitura berrituko dugu, eta bigarren fasean, berriz, goiko solairuan erabilera anitzeko gela egingo dugu. Horretarako, 2017ko udal aurrekontuan 100.000 euroko partida jaso dugu, azaldu du Aiako alkateak. Andatzako auzotarrek aspaldian sentitzen zuten auzo elkartearen beharra, eta bileran proiektuak oso harrera ona izan zuela azpimarratu du Arrizabalagak.
 
Bestalde, Santio Erreka auzoan haur parkea egiteko asmoa du aurten Aiako Udalak. Haur parkearentzat kokaleku egokia aztertzen ari gara orain, aditzera eman du Arrizabalagak. Guztira, 50.000 euroko partida jaso dute proiektu hori gauzatu ahal izateko.
 
Telekomunikabideak 
Auzo bakoitzak bere berezitasunak baditu ere, Aiako alkateak nabarmendu du badela guztietan errepikatu den eskari bat: sare mugikorra eta internet bidezko seinalea hobetzea, hain zuzen ere. Gaur egun sakelako telefonoak eta interneta beharrezkoak bihurtu dira herritar askorentzat, eta herriko auzo askotan arazoak dituzte arlo horretan. Horregatik, azterketa egingo dugu auzo bakoitzera egokitutako irtenbidea aurkitzeko, arazo desberdinak baitaude.
 
Telekomunikabide aukera desberdinen inguruan ikertzeko, eta beharko balitz inbertsioak egiteko, 30.000 euroko partida aurreikusi du udalak 2017ko aurrekontuan.
 
"Eraginkorra"
Alkatearen esanetan, auzotarrengana iristeko modu eraginkorra da auzoz auzoko bilerak egitea. Izan ere, Aia oso zabala da, eta herriaren orografiagatik auzoak oso sakabanatuta daude. Halako ekimenek udalaren eta auzoen arteko harreman zuzena ahalbidetzen dute, aitortu du.
 
Bileretan mahai biribil baten bueltan eseri dira udaleko ordezkariak eta auzotarrak. Aiako alkateak udalak 2017rako dituen asmoak kontatu ditu, eta auzotarren beharrak entzun. Bileretan aiar ugarik parte hartu eta beren iritzia eman dutela nabarmendu Arrizabalagak. Beraiek dakite egunerokoan zein behar dituzten, eta bilera horietan horiek azaltzeko eskatu diegu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!