Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana martxan jarriko dute Aian

Karkara 2017ko mar. 30a, 17:30
IƱaki Labaka Urola Kostako herri txikietako alkateekin, atzo goizean Azpeitian egindako bileran.

Plan horrek eskuko telefonoa, telefono finkoa, Internet eta telebista zerbitzuak ahalbidetuko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dagoen lehen sektoreari lotutako Landagipuzkoa+ egitasmoa martxan da. Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikietan maiz jasaten duten desorekari aurre egitea da egitasmo horren helburua, eta aldundiak 25 milioi euro bideratuko ditu horretara legealdi honetan. Programaren asmoa da landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzuak eta gizarte ongizatea lortzea, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak “erakargarri eta lehiakor” egiteko. Gipuzkoa pertsonen arteko ezberdintasun maila gutxien duen Europako lurraldea bihurtzea ere bada xedea.

Egitasmo horren barruan, 2.500 biztanletik behera dituzten Gipuzkoako 49 udalerriri zuzenduta, Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana jarri dute martxan. Plan horrek eskuko telefonoa, telefono finkoa, Internet eta telebista zerbitzuak ahalbidetuko ditu. Herri txikiek bizi duten arraila digitalari aurre egitea eta ekonomia jarduera berriak sustatzea dira programa horren helburuak, eta Aiari ere eragingo dio.

Hori horrela, Iñaki Labaka Foru Aldundiko Lurralde Orekako zuzendaria atzo Azpeitian izan zen programa horren inguruko xehetasunak Urola Kostako herri txikietako alkateei azaltzen, eta bileran parte hartu zuen Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak ere.

Hornikuntza, hiru fasetan

Herri txikietako erdigunetik kanpo aldera hiru eraztun diseinatu dituzte: 500 metroko erradioa duen eraztun bat, kilometro batekoa eta bi kilometro beste bat. Hala, hiru fasetan egingo dute hornikuntza. Modu horretan, herri txikietako eraikinen %90era iritsiko da konexio ultra azkarra. Labakak azaldu duenez, bi kilometroko erradiotik kanpo gelditzen direnei “banan-banan irtenbidea” bilatuko diete.

Lehen fasean, 500 metroko erradioaren barruan kokatzen diren eraikinetako biztanleak izango dira onuradunak. 300 Mbps-ko gutxieneko konexioaz gozatzeko aukera izango dute onuradunek, eta hori instalatzeagatik ez dute ezer ordaindu beharko; alta emateaz bakarrik arduratu beharko dute.

Deialdiaren bidez, aldundiak instalazioaren inbertsioaren %95 arte ordainduko du, eta gainontzekoa operatzaileen esku geratuko da. Onuradunak izan daitezkeen herritarrek ez dute gestiorik egin beharko; izan ere, aldundia beraiekin harremanetan jarriko da aste honetan.

Segidan operatzaileak jarriko dira harremanetan onuradunekin, zer eskaintzen duten azaltzeko, eta onuradunek baiezkoa ematen badute, operatzaileek aldundiari egingo diote eskaera. Orduan, mahai teknikoan aztertuko du aldundiak eskaera, eta hori onartzean hedatu ahal izango da konexioa. Atal horietako bakoitza garatzeko epeak zehaztu dituzte: operatzaileek eskaerak ekainaren 30a baino lehen egin beharko dituzte, aldundiak irailaren 30a baino lehen ebatzi beharko ditu horiek, eta azaroaren 30a baino lehen exekutatuko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!