XV. Landare Berezien Azoka egingo dute Iturraranen asteburuan

Karkara 2017ko api. 27a, 13:13
Landare Berezien Azoka 2016

Aurten 47 mintegik parte hartuko dute azokan, eta munduko txoko desberdinetako landareak ikusteko, eta nahi izanez gero erosteko aukera izango dute herritarrek.

Apirilaren 29an eta 30ean, XV. Landare Berezien Azoka egingo dute Pagoeta Natur Parkeko Iturrarango Lorategi Botanikoan. Aurten 47 mintegik parte hartuko dute azokan, eta munduko txoko desberdinetako landareak ikusteko, eta nahi izanez gero erosteko aukera izango dute herritarrek.

Landareez gain, jateko eta edateko postuak ere jarriko dituzte azokan, eta inguruko produktu desberdinak erosteko aukera izango da. Gainera, lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, eta haurrentzat jolasteko gune eder bat ere izango da.

Landare Berezien Azokako sarreraren prezioa lau eurokoa izango da, eta 12 urte azpikoek ez dute ordaindu beharrik izango. Antolatzaileek zehaztu dute prezioaren barnean sartzen direla aparkalekuetatik azokarako autobusa eta erositako landareentzat kontsigna zerbitzua eta eroslearen ibilgailuraino garraioa.

Autobus zerbitzua

Azoka larunbatean eta igandean 10:00etatik 18:00etara izango da zabalik. Parkearen inguruan bi aparkaleku antolatuko dituzte, bata Aiako herrigunean, eta bestea Orioko arrantza portuan (Oribarzar hondartzaren ondoren); aparkalekuetatik etengabeko autobus zerbitzua egongo da azokara, lehendabiziko autobusa 09:45ean irtengo da, eta azkena 17:00etan. 

Horrez gain, Zarauzko tren geltokitik ere autobus zerbitzua egongo da Landare Berezien Azokara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!