Aia txiki gelditu da XX. Txakolin Eguna hartzeko

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 7a, 14:58

Herriko txoko guztiak autoz josi dira herriko plazan zeuden 11 upategietako txakolinak dastatzeko irrikaz. Jateko txekor eta txerrikume pintxoak eskaini dituzte, eta giro polita sortu da. 17:00etan Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa jokatuko da, eta ondoren, Lajak eta Lutxurdiok erromeria eskainiko dute.

Aian XX. Txakolin Eguna ospatzen ari dira gaur, eta Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko 11 upategitako uztaz gozatzeko aukera izan dute hango plazara gerturatu direnek. Eta herritar zein bisitari asko animatu dira dastaketaz gozatzera, herria txiki gelditu delako; eguerdirako bazter guztiak autoz josita zeuden, behintzat.

"Eguraldiak lagundu du eta giro polita dago" , iritzi dio Miriam Sarasola zinegotziak. Pintxoak prestatzen zebilen, herriko beste hainbat lagunekin batera. "Egun hau antolatu ahal izateko behar-beharrezkoa da boluntarioen laguntza, bestela ezinezkoa izango litzateke, eta hemen dabiltza jai batzordekoak , gazte asanbladakoak, gaztelekukoak...".

Edan ahal izateko jan egin behar, eta Sarasolak azaldu duenez, aurtengoan bi txekor erre beharrean txekor bat eta txerrikume bat erre dituzte. Ez da berrikuntza bakarra izan, txakolin postuen artean bi janari postu egon direlako, bat gaztarena, eta bestea, foie-arena.

Gainera, lehiaketa kurioso bat ere egin dute: gaur erre dituzten txekorrak eta txerrikumeak elkarrekin zenbat pisatzen duten asmatzea. Parte hartzea doakoa zen, eta orri mordoxka bete dituzte partaideen apustuekin. Irabazlearentzat saria, nola ez, txakolina: gaur Aiako plazan uzta aurkeztu duten 11 upategietako txakolinaren botila bana.

Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta erromeria

Gizonezkoen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa ere gaur jokatuko dute Aian. Guztira bost harri-jasotzaile ariko dira nor baino nor, denak zarauztarrak: Xabat Olaizola, Imanol Royo Lartain, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti. 

17:00etan hasiko da txapelketa frontoian, eta kirol lehia amaitu ostean, Lajak eta Lutxurdiok erromeria eskainiko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!