Hauteskundeak

Mahaiaren ingurukoaz

Jakes Goikoetxea 2015ko mai. 24a, 09:44

Mahai-ingurua bukatutakoan, sentsazio bat: mahai inguruaren formatua dinamikoena ez izanagatik ere, merezi duela antzeko zerbait errepikatzea, ez lau urtean behin bakarrik.

Hasi da hauteskunde kanpaina. Bukatu da Karkarak antolatutako mahai-ingurua. Hautagaiek azaldu eta argitu ahal izan dituzte erabakitakoak, egindakoak eta egiteko dituztenak. Nahi baino denbora eta patxada gutxiagoz, seguru; baina erabaki, ekintza eta proposamen garrantzitsuenak azaltzeko moduan. Denboraren muga estua izan dute hasieran; baina baita etxean, taldean edo alderdian prestatutako apunteen segurtasun sarea ere. Batzuetan azalpenak motz geratu dira, eta ez denbora faltagatik.

Sorpresa gutxi izan dira mahai-inguruan. Proposamenak bai. Gehienak aurreko legegintzaldian edo duela bi legegintzaldi jada aipatutakoak edo zintzilik geratutakoak, ordea. Nabarmentzekoa da hautagaien arteko giroa eta elkarrekin izan dituzten elkarrizketen eta eztabaiden tonua. Errespetuzkoa eta lasaia. Baita jendearen galderetan eta hautagaien erantzunetan ere. Nekez lortuko dute boto berriren bat kultur etxean esandakoarekin. Alderdiekin edo plataformekin lotura duten pertsonak izan dira entzuleetako asko.

Jendea elkartu da mahai inguruan. Ez duela lau urte bezainbeste. Udalak Ikastolarekin sinatu behar zuen hitzarmenaren auziak bete zuen orduan kultur etxeko areto nagusia. Aulki huts batzuk izan dira aurten.

Hauteskunde kanpainak ez du askoz gehiagorako emango herrian: eguzkiak eta euriak koloregalduko dituzten kartel ikusezinak; mitin itxurako ekitaldiren bat; esku orrien banaketa kalean; etxez etxeko bisitaren bat agian; zaborrontzira joango den propaganda postontzian; eta etxe giroko edo lagun arteko elkarrizketak, batzuen eta besteen merituei, sinesgarritasunari eta hanka sartzeei buruz, eman beharreko botoari buruzko zalantzak dituztenen artean batez ere.

Eta mahai-ingurua bukatutakoan, sentsazio bat: mahai inguruaren formatua dinamikoena ez izanagatik ere, merezi duela antzeko zerbait errepikatzea, eta ez lau urtean behin bakarrik. Bi urte barru, agian. Alkatearekin eta oposizioko ordezkariekin, orain agindutakoaz, ordura arte egindakoaz eta egiteko dutenaz. Kazetariek eta herritarrek zuzenean eta patxadaz galdetu ahal izateko. Udaletxeko eta osoko bilkuretako formalismorik gabe.

Eta, bukatzeko, eskaera bat: maiatzaren 24a eta gero gobernu aldaketa baldin badago, batzuek gobernua uzteko eta besteek agintea hartzeko prozesua lasaia eta eraginkorra izan dadila, herriaren eta herritarren mesedetan. Hauteskundeak dira, ez haustekundeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!