Zuen zozketa: udaberria

Jokin Salsamendi 2016ko ots. 1a, 09:06

Jendeak uste zuen mozorrotuta ginela. Kristoren disfraza lortu genuen eta guk jakin ez. Eta, noski, salmentak desastre...

Karkararen deiari ezin esan ezetz, eta hemen nauzue irribarrea ­sortzea beste helbururik ez duen testua idazteko asmoz. Egunak berez dira astunak, eta zerbait alaia irakurtzeak beti igo ohi du morala. Morala, bizi poza, alegia; ez pentsa honek beste zerbait igoko dizuenik… beste horretarako watsappeko bideoak daude. Badakin buztan beltzaren bideoa eta…

Konturatzerako ilbeltza pasa zaigu eta otsailean gara dagoeneko. 2016 ospetsu honetatik urrun ikusten dira Kilometroetako garaiak. Urruti 2014ko otsaila, non Gure Zozketa ekimena martxan jarri genuen. Badakizue 60.000 euroko saria duen zozketa. Orduan hasi zen gure abentura Gipuzkoan zehar, titiritero, Joxemari eta ferietakoen artean, odolean daramagun ijito senak deituta. Goenkale bukatu den honetan hiru ataletan azalduko dizkizuet urte hartako komeriak.

Kaleko bataioa Tolosan jaso genuen. Inauterien Igandean. 2013an Kilometroak izan ziren hirian. Kmk idatzita zuen peto horia jantzi eta San Frantzisko kalera. Hantxe hasi ginen pasarako jendeari boletoak eskaintzen. Indio, moja, troglodita eta aingeruen artean hiru satelite hori. Aldamenean txosna kutre baten gainean Egan taldearen imitatzaileak. Beste aldean iglu mugikorra kalimotxoz gainezka. Eta aurreko errepidean karrozen desfilea.

Hala ere petoak ematen zuen indarrez txartelak eskaintzen hasi ginen: Kilometroen aldeko boletorik nahi? Baina jendeak gu begiratu eta barre egiten zigun. Senar emazte adinekoak galdera entzun eta irribarrea. Aita semeak pasa eta algara. Bi gazte pasa eta ona!  Aurki konturatu ginen ze gertatzen zen. Jendeak uste zuen mozorrotuta ginela. Kristoren disfraza lortu genuen eta guk jakin ez. Eta, noski, salmentak desastre…

Gainera, gu bezalako hiru tipo itsusiri nork erosiko  zion txartelik? Kilometroen aldekoek eta behar handian zen neskazaharren batek. Baina guk beti eskudirutan kobratzen genituen txartelak… Ondorenean etorri ziren emakumeak zozketako tiketak saltzera, eta emakumeak parte hartzen duten ekintza guztietan bezala, arrakasta etorri zen. Arrakasta idatzi dut, zergatik egiten duk barre? Orduan hasi zen proiektua indartzen.