Gipuzkoako Kintopeko Ligaren lehen edizioko finala aurkeztu dute

Karkara 2017ko urt. 14a, 15:31

Oliden oriotarraren idi-parea estreinako finalean izango da urtarrilaren 17an

Estreinaldia izan da gaurkoan Saizar sagardotegian, eta ez hain justu sagardo-denboraldiari hasiera emateko. Izan ere, estreinako Gipuzkoako Kintopeko Liga azken txanpan sartu da eta finala ate-joka dago. Horrenbestez, mahai beraren bueltan bildu dira Azkoitiko Jo ta Txikiu idi-proba elkarteko ordezkari Aitor Olarra, Aiako Idi Probak elkarteko Paulo Aldalur, finalean izango diren Iñaki Oliden, Joxemari Txokolate eta Patxi Illarreta eta Liga babestu duen Saizar-eko Napo Lertxundi.

Horrez gainera, antolatzaileek aitortu dutenez, berriak merezi duela-eta, aurreneko aldiz antolatu dute prentsarentzako aurkezpena.

Finala Azkoitiako Gurea probalekuan

Urtarrilaren 17an izango da Saizar idi-dema txapelketa honetako final handia Azkoitiako Gurea probalekuan, 22:00etan hasita. Bertan arituko dira aurrez aurre lehian Olidenen, Txokolateren eta Illarretaren idi-pareak. 1.650 kiloko Ipintza harriari tiraka aritu beharko dute idiek. Harri berezia da Ipintza, arroka harria da, ipurdi zabalagoa du eta mutur estuagoa, ezberdina.

Pisaketa, berriz, 10:00etan izango da. 1.100 kilo pisatu beharko dituzte idiek; hortik gora, kiloko kiloeta erdiko gainzama eraman beharko dute.

Gainerako baldintzei dagokienez, itzaien jatorria librea izango da. 

1.400 euro, txapela eta idientzako mantak eramango ditu onenak; 1.200 euro bigarrenak eta 1.00 euro hirugarrenak. Horiez gain, akuilu sorta eta Saizar sagardo kaxa bana eramango ditu parte-hartzaile bakoitzak. 

Gipuzkoako Herri-kirol Federazioak kontrolatuko du Ligako finala.

Ligako sailkapena

Elgoibarko Sigmako Probaleku Elkartearen, Aiako Idi Probak Elkartearen, Aizarnazabalgo Aipe Probazale Elkartearen, Azkoitiako Jo ta Txikiu Idiproba Elkartearen eta Errezilgo Gaztetandik Kultur Elkartearen artean antolatu dute Gipuzkoako Kintopeko lehen Liga hau. Gipuzkoako Herri kirolen federazioaren laguntzarekin, Txapelketa ofiziala sortzea zen asmoa, baina arauekin ezin ados jarrita, bost herrietako antolatzaileek beren kabuz aurrera egitea erabaki zuten. 

Bide horretan, ezinbesteko laguntza eman duen Saizar sagardotegiko Napo Etxeberria eskertu dute antolatzaileek eta idi-pareen jabeek. Herri kirolen sustapenean egiten duen lana aitortu diote besteak beste Jo ta Txikiu elkarteko Aitor Olarreak eta Iñaki Olidenek.

Txapelketa hau bost urtez segidan antolatzeko konpromezua hartua dute gainera antolatzaileek eta babesle ofizialeko arduradunak. Aiako idi proba elkarteko ordezkari Paulo Aldalurren hitzetan, urtez urte hobetzeko saiakera ere egindo dute, borondate handiz baitabiltza. Horrez gain, datorren urterako Euskadiko Federazioarekin harremanetan jarri eta Euskadiko Txapelketa antolatzeko asmoz dabiltzala ere aipatu du Olarreak.

Gipuzkoako 12 parte-hartzaile aritu dira 2016an probaz proba norgehiagoka. Guztira 4 proba puntuagarri egin dituzte: Errezilen, Aizarnazabalen, Aian eta Azkoitian azkena. Olidenek lortu ditu puntu gehien, 19 hain zuzen ere, 3 saiotan izan baita Gipuzkoako aurrena eta behin bigarren. Txokolate geratu da bigarren, 14 punturekin. Lehen idi parea atera du eta sorpresa ikaragarria hartu duela aitortu du Txokolate berak. Berak eraman ditu azken saioko 5 puntuak, gipuzkoarren artean onena izanda. Urte mordoskaz idi-deman dabilen Illarreta sailkatu da ondoren, 7 punturekin.

Olidenek faborito izan daitekeela aitortu du, baina finala oso gogorra eta borrokatua izango dela uste du: Txokolatek irabazi zigun azken lehian eta Illarreta ere atzetik segika dator. Hortxe-hortxe, maila bertsuan gabiltza denok eta edonork irabaz dezake finala.

Apala eta Alegre izeneko idiak eramango ditu norgehiagokara Olidenek. Txapelketa hau bukatuta, kintopekotik sail ofizialera pasako dira idiok eta Abadinon, Sanblasetan, izango dute lehiakide zahar eta berrien aurka indarrak neurtzeko lehen aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!