Berezko ekosistema bat aktibatu eta martxan jarri du txapelketak

Karkara 2017ko urt. 30a, 16:30

Aiako eta Orioko taldeek hartuko dute parte Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketan. Bertso mugimenduari bultzada eman nahi dio formatu berri honek. Txapelketaz eta bi herrietako mugimenduaz aritu gara parte-hartzaileekin.

Berritasuna dakar aurten Gipuzkoako Bertsolari txapelketak. Hamabigarrenez jokatuko da aurten, baina ez da, ohi bezala, banakakoa izango, herriartekoa baizik. Taldeka lehiatuko dute herriek beren artean eta txapelduna ez da bertsolari bat izango, herri bateko bertsolari talde bat izango da.

Guztira 38 taldek eman dute izena txapelketan eta Aiatik eta Oriotik talde bana aurkeztu da. Ekaitz Arruti, Aritz Hernandez, Iñaki Gurrutxaga eta Jokin Zumeta izango dira Aiako taldeko bertsolariak; Aitor Arregi Ximel, gai-jartzailea; Eneko Balerdi taldeko arduraduna eta Aritz Arruti epailea. Orioko taldean Xabier Sukia, Rosi Lazkano, Imanol Lizarazu eta Egoitz Eizagirre arituko dira bertsotan. Horiez gain, Iñigo Exposito izango da komunikazio arduraduna, Jon Agirresarobe gai-jartzailea eta Alazne Arillaga epailea.

Formatu berria, filosofia berria

Herrietako bertso mugimendua ikustaraztea eta mugimendu horri bultzada ematea da txapelketa herriartekoa izatearen helburu nagusia. Horregatik, parte-hartzaile guztiek izango dute garrantzia txapelketan; bertsolariak ez ezik, antolatzaile, gai-jartzaile, epaile, komunikatzaile eta entzuleak ere protagonista izango dira.

Neurri handi batean, helduen bertso eskolei  bultzada ematea du helburu txapelketa mota honek, hor dabilenari tokia egitea. Bertsolariak plaza dauka –dio Gurrutxagak–, baina bertso eskolatan dabiltzanak beti ez dira plazako bertsolariak.

Formatu honek duen onena atzetik duen filosofia dela dio Sukiak. Horrelako txapelketa bat antolatzeko kuadrila handia behar da: soziedadea duen norbait eta sukaldariak –afari eta bazkari asko egiten baitira–, bertsolariak, soinu teknikariak, argazkiak atera eta albisteak egingo dituen kazetariak, gai-jartzaileak... Figura asko behar ditugu eta horrek parte-hartzea bultzatzen du: jendearengana iristen zara eta makineria indartu egiten da.

Bi formatuen arteko desberdintasun nagusia hori da, antolakuntza mailan: banakako txapelketan egitura Bertsozale Elkarteak jartzen du eta herriartekoan bertso eskolek antolatzen dituzte saioak. Banakakoa, zentzu horretan, hotzagoa eta zurrunagoa da bertsolarien ustetan. Herriartekoak, berriz, malgutasun handiagoa eskaintzen du antolakuntzarako.

Talde bakoitzak bere herriko saioa antolatu behar du. Tokia, formatua, gaiak, megafonia, afaria... guztia antolatzea herri bakoitzeko bertso eskolaren ardura da. Beste taldeak dakien bakarra noiz eta nora joan behar duen da.

Bertsoak ere, ziurrenik, banakako txapelketan entzuten direnen desberdinak izango dira, afari eta bazkari asko egiten baitira herriartekoan. Bertso afarietan beste umore bat sortzen da, txapelketetan ematen ez dena.  BECen funtzionatuko ez luketeen bertso batzuk hemen hobeto funtzionatu dezakete eta alderantziz.

Lehen herriartekoa, 1999an

Txapelketa formatu honek badu aurrekari bat, 1999koa. Urte hartan izan zen lehen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, mugarri bat jarri zuena.

Aiako eta Orioko taldeetan aurten parte-hartuko duten bertsolarietatik bi txapelketa hartan izan ziren: Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Sukia. Ibai Esoain eta Eusebio Lasarterekin batera aritu ziren urte hartan, Orioko taldean.

Hemeretzi urte zituen Gurrutxagak orduan: eskolartetik heldu berri nengoen orduan, gazte-gazte. Joaneko saioa Zumaian izan zen eta jende mordoa joan zenaren oroitzapena daukat. Itzulerako saioa Orion egin zuten, Jon Maia etorri zen Kultur Etxera eta areto nagusia goraino bete zen.

Aiako taldean Martin Rezabal Olasok, Nikolas Zendoiak eta  Luis Otamendik kantatu zuten, Lasarteren kontra. Patxi Etxeberria oriotarra Lasarteko taldean zegoen txapelketa hartan. Kanua jatetxean egin zuten joaneko saioa.

Taldekako izaera medio, inoiz izan den parte-hartzerik jendetsuena izan zuen 99ko txapelketak. 24 talde aritu ziren eta, taldeak bertsolariek, gai-jartzaile banak eta epaile banak osatzen zuten. Guztira, 166 lagun bildu ziren taldeetan, horietatik 101, bertsolariak.

Lehen fasea

Otsailean hasiko da txapelketaren lehen fasea. Hiru taldeko multzoetan banatu dituzte parte-hartzaileak; hiru herri euren artean lehiatuko dira, beraz.

Aiako taldea zazpigarren multzoan dago, Lasarterekin eta Urretxurekin batera. Aiak etxean Urretxuren kontra lehiatu beharko du, eta kanpoan Lasarteren aurka.  Otsailaren 3an joango dira aiarrak Lasartera. Oriotar batekin arituko dira bertsotan egun horretan, izan ere, Patxi Etxeberriak Lasarteko taldean kantatuko du. Otsailaren 24an urretxuarrak jasoko dituzte etxean. San Pedroko Uhartemuño sozidadean izango da eta bertso-afari formatuan egingo dute. Gurrutxagak, Zumetak eta Hernandezek kantatuko dute.

Orioko taldea Urola Erdiko Erniarraitzekin eta Hernanirekin dago bederatzigarren multzoan. Erniarraitzen kontra lehiatuko dute kanpoan eta Hernaniko taldea hartuko dute etxean. Otsailaren 3an joango dira Azkoitiara eta 17an egingo dute saioa Orion hernaniarrekin. Afari formatuan egingo dute saioa, Gure Etxea elkartean. Sukiak, Lazkanok eta Eizagirrek egingo dute bertsotan saio horretan.

Herrietako bertso mugimenduei bultzada

Bakarkako txapelketak bertsolarien promoziorako direla esan dezakegu -dio Gurrutxagak–, baina herriartekoan hori ez da helburu bat. Berez dagoen ekosistema bat aktibatu eta martxan jartzen dute horrelako txapelketek, eta dagoeneko ari da gertatzen. Bi taldeok –Orio eta Aia– lehen fasea pasako bagenu elkarren kontra izango genuke saio bat –dio Zumetak–, baina ez bada hala gertatzen lehiaketatik kanpo beste saio bat antolatuko dugu. Mugimendu hori elikatzen ari da dagoeneko.

Bertso mundura jende berria hurbiltzea, ahalik eta gehien, bertsolaria izan ala ez, hori da txapelketa honen premisatako bat. Aritz Hernandez eta Ekaitz Arruti, adibidez, aurten hasi dira bertsotan, Errikotxian. Lagun artean aritzen ginen bertsotan -dio Hernandezek– baina inoiz ez ginen bertso eskolan ibili. Errikotxiak bertso txepelketa antolatu zuenean animatu ginen eta horrela hasi zen dena.

Baina hurbildu diren bakarrak ez dira bertsolariak: epaile arituko da Alazne Arrillaga Orioko taldean. Bertsozalea da bera eta saio askotara joaten zela ikusirik, txapelketan epaile bezala parte-hartzeko gonbita egin zion Errikotxiak.

Lizarazuren ustetan, hori ekarpen bat izan daiteke Bertsozale Elkartearentzat txapelketa nagusiari begira, izan ere, epaile izango direnek formakuntza jasotzeko aukera izan dute. Epaimahai talde bat egiten baduzu, epaitzeko kualifikatzen badituzu eta txapelketa txikietan jartzen badituzu, txapelketa nagusirako jendea prestatzen ari zara. Eta ez bakarrik epaileak, baita gai-jartzaileak, antolatzaileak eta beste jende asko ere. Gaur egungo Gipuzkoako gai-jartzaile gehienak, adibidez, 1999ko herriartekotik ateratakoak direla dio Gurrutxagak.

Mugimendua pizteko balio beza txapelketa honek, hori da nahi dutena. Azken urteetan ez da erreferente berririk sortu ez Orion ez Aian –dio Sukiak–. Orion, adibidez, Lasarte, Altuna, Etxeberria izan ditugu, ondoren gu sartu ginen, eta gure ondotik ez da inor etorri orain arte.

Aian ere antzeko gertatu dela zio Zumetak. Joxemari Lertxundi, Zatain eta Martin Olaso izan ditugu erreferente, eta horien ondotik 20 urteko hutsunea egon da, gu hasi arte.+

Gipuzkoako herriarteko txapelketa. Lehen fasea:

Aiako taldea zazpigarren multzoan dago eta Oriokoa bederatzigarrenean. Hiru talde dira multzo bakoitzean eta egitura triangularra izango dute saioek, hau da, bi saio egingo ditu herri bakoitzak.

Otsailaren 3an izango dute lehen saioa bi taldeek, Azkoitian Oriok eta Lasarten Aiak. Hilaren 17an eta 24ean izango dituzte saioak etxean.

Otsailak 17: Orio-Hernani

Lekua: ­ Gure Etxea elkartea
Ordua: 21:00
Bertsolariak: Egoitz Eizagirre, Xabier Sukia, Rosi Lazkano
Hernanitik zehaztu gabeko hiru.
Sarrerak: Afaria eta saioa 12€ Salgai Kolon Txikin

Otsailak 24: Aia-Urretxu

Lekua: Uhartemuño elkartea –San Pedro–
Ordua: 21:00
Bertsolariak: Iñaki Gurrutxaga, Jokin Zumeta eta Aritz Hernandez.
Urretxuko bertsolariak zehaztu gabe.
Sarrerak: Afaria eta saioa 25€

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!