Euskal blogintzaren inguruko inkesta aurkeztu du Azkue Fundazioak

TOKIKOM 2017ko ots. 17a, 08:31

Inkestarekin jasotako informazioa baliagarria izango da arlo horretan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak, interneteko garatzaileak, erakundeak...

Euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du Azkue Fundazioak eta, azken urtetan alor horretan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, inkesta publikoa sortu du euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzeko: blog kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide dituzten...

Informazio falta handia dago alor horretan, ez baitago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik, eta Azkue Fundazioak jakin badaki euskalgintzan eta internet alorrean dagoen kezka dela.

Ikuspegi erreal eta zabala lortzea helburu

Inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienak betetzea da Azkue Fundazioaren helburua, ikuspegi ahalik eta erreal eta zabalena lortzeko. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da, egoera errealaren isla izango baita.

Inkestarekin jasotako informazioa baliagarria izango da arlo horretan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak, interneteko garatzaileak, erakundeak...

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da:

  • Zenbat blog daude euskaraz idatzita?
  • Zein gai eta arlo lantzen dira?
  • Zenbat blogari euskaldun daude?
  • Nola daude garatuta?
  • Etekinik sortzen al dute?
  • Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin?
  • Irakurleen beharrak asetzen al dituzte blog horiek?
  • Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Inkesta publikoa

Azkue Fundazioaren inkesta publikoa da eta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake. Bi ikuspegitatik –bloglariena eta blogen kontsumitzaileena– landu dute galdetegia eta azterketa bikoitza egin nahi dute. Une honetan sarean dauden euskarazko blogen izatearen inguruan sakondu nahi dute, batetik. Eta irakurleek zein eduki mota kontsumitzen dituzten ezagutu eta zein behar dituzten detektatu nahi dute, bestetik.

Blogetan! Euskal blogariak lehian

Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi. Lehiaketa horretan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!