Aitziber Campos: "Txakur kakek kexa asko sortzen dituzte herritarren artean"

Karkara 2017ko ots. 21a, 17:42
Errazteko makina espaloia garbitzen

Urte berriarekin batera kale garbiketa zerbitzu indartua abiatu dute Orion. Udalak lehiaketa publikoa egin zuen 2016 urtearen bukaeran kaleen garbiketa zerbitzu berria adjudikatzeko, eta FCC enpresak irabazi zuen lehiaketa; beraz, FCC arduratzen da orain herriko kaleak garbi mantentzeaz.

Kale garbiketa zerbitzu berriak bost langile izango ditu urtean zehar, eta udako denboraldian bi lagun gehiago kontratatuko dituzte. Bitarteko teknikoak ere gehitu egin dituzte. Langileek errazteko bi makina izango dituzte egunero erabiltzeko, eta garbiketa nola egin behar den ere zehaztu dute; gune bakoitza garbitzeko ordutegia eta erabili beharreko teknikak udalarekin zehaztu ditu enpresak.

Kale garbiketa sistema berria zehaztuta, urtarrilean garbiketa sakona egiten jardun dira langileak. Horretarako, garbiketa bereziak egin dituzte, besteak beste espaloiak presio sistemaren bidez garbitu dituzte.

Kale garbiketa zerbitzu berria urtero 310.000 euro kostatuko zaio Orioko Udalari.

 

AITZIBER CAMPOS - Zerbitzutako zinegotzia

Zer dela-eta ikusi zenuten Orioko kale garbiketa zerbitzua indartzeko beharra?
Aurretik zegoen kale garbiketa kontratua 2000. urtean egin zen, eta, garai horretan, Orio ez zen gaur egun den bezalakoa. Urte gutxian herria asko hazi da, eta nabarmentzen zen zenbait kaletatik gutxitan pasatzen zirela garbitzaileak. Horren aurrean, kale garbiketa zerbitzua indartu egin dugu, gaur egungo beharretara egokituz.

Zein aldaketa egin dira?
Langile gehiago kontratatu dira. Egun bost langile daude eta bi taldetan banatuta lan egiten dute. Lehen hilabetetan garbiketa sakona egiten aritu dira.

Lehen hilabetetako baloraziorik egin al duzue?
Oraindik goiz da. Zerbitzua martxan jartzeko garbitzaileen ibilbideak diseinatu genituen, baina oraindik egokitzapenak egiten ari gara. Jarraipen bilerak egiten ditugu, zerbitzua egokitzeko.

Aurretik herritarren aldetik kexarik jaso al zenuten kale garbiketa zela-eta?
Goiko Kaleko bizilagunak kexatu izan ziren. Egia da gutxi pasatzen zirela garbitzaileak Goiko Kaletik, eta Goiko Kaleko zerbitzua indartu egin dugu.
Bestetik, txakur kakek ere kexa asko sortzen dituzte herritarren artean. Espaloietan txakur kakak aurkitu daitezke, eta berdeguneak eta lorategiak beteta daude. Dena dela, hori ez dago gure esku; txakurjabeek beren txakurren kakak jasotzen ez badituzte, udaletik egindako ahaleginak ez baitu ezertarako balioko.

Txakur kaken arazoaren aurrean zerbait egitea pentsatu al duzue?
Bai, gaia lantzen ari gara. Kontzientziazio kanpaina martxan jartzea pentsatu dugu. Urria inguruan txakurjabe guztiei gutun bana bidali genien etxera, txakur kakak jasotzea beren erantzukizuna dela azalduz, eta ahalegin horretan jarraituko dugu. Isunak jartzera iritsi aurretik, beste kanpaina bat abiatuko dugu herrian.

Udaletik ahalegin berezia egiten ari al zarete kale garbiketaren inguruan?
Guretzat arlo garrantzitsua da kale garbiketa, herritarren bizi-kalitatean eragin zuzena izateaz gain, herriko itxura zaintzeko balio baitu. Horregatik, egin dugu kale garbiketa zerbitzua indartzeko apustu argia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!