Belaunaldi berrien erreleboaren garrantziaz jabetuta ospatu du 30. urteurrena Urkomek

Karkara 2017ko ots. 22a, 16:07
Urkomeren 30. urteurren ekitaldiko argazkia

Atzo egin zuten Urkomeren urteurren ekitaldia Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Han izan dira, besteak beste, Urola Kostako udaletako ordezkariak nahiz aldundiko eta jaurlaritzako kideak. Horiez gain, hainbat nekazari eta baserritar ere bertaratu ziren ekitaldira.

1987ko otsailaren 16koa da Urkomeren eraketa akta, eta horrek esan nahi du Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak 30 urte bete berri dituela. Atzo egin zuten Urkomeren urteurren ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta han izan ziren, besteak beste, Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakaria, Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria, eskualdeko herrietako zenbait alkate eta zinegotzi, eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain. Haiez gain, elkartearekin harremana duten hainbat nekazari eta baserritar bildu ziren ekitaldian.

Urkomek hastapenetatik konpromiso zuzena izan du landa eremuen garapenarekin. Horren erakusle da elkarteak martxan duen 2015-2020 Landa Garapen Programa. Lau arlo estrategikoren gainean ari dira lanean gaur egun: nekazaritza jarduera, landa eremuko jarduera ekonomikoak, landa eremuko azpiegituren eta zerbitzuen bermea eta landa eremuko balioaniztasuna ikusgarritasuna.

Belaunaldi erreleboa
Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakariak eskerrak eman zizkien Urkomeren sortzaileei “eskualdeari eta baserriei bultzada emateko beharra sentitu” zutelako. Urkomeren erronka “baserriek bizirik irautea” dela azaldu zuen. “Nahiko zaila ari da izaten gure ondorengo belaunaldiek ez dutelako baserria horrela bizi, eta Urkomek bultzatzen duena errelebo generazionala da”. Eizagirrek azaldu zuenez, “bizi daiteke” baserritik: “Gure gurasoak hala bizi ziren, eta gu ere hala bizi izan gara. Baina hori sinestaraztea eta gazteak baserriko egunerokotasunera eramatea oso zaila da". Horrez gain, lanpostu berriak sortzearen garrantzia azpimarratu zuen Urkomeko lehendakariak, baina, haren ustez, sortzea baino garrantzitsuagoa da “dauden horiei eustea”. Instituzioei eskerrak eman zizkien Eizagirrek, baina esan zuen haiek ohartarazi behar direla “egungo egoera benetan ikus dezaten eta benetako soluzioak eman ditzaten”.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!