Greba egingo dute bihar Lardizabal eta Zaragueta eskoletako eta Orioko haurreskolako langileek

Karkara 2017ko mar. 21a, 16:07
Zaragueta Herri Eskolako ataria

Grebaz gainera, biharko mobilizazioak deitu dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostian Boulevardik irtenda manifestazioa egingo dute, 12:00etan.

Hezkuntza publikoko lan baldintzak hobetzeko eskatuz, eta “berdintasuna eta heziketa integralaren bidean hezkuntza publikoa ardatz izango duen politika” exijituz, bihar hezkuntza publikoan grebara deitu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak, hezkuntza bereziko hezitzaileak, Haurreskoletako langileak, sukaldariak eta garbitzaileak deitu dituzte lanuztera, eta Aiako Lardizabal Eskolako eta Orioko Zaragueta Herri Eskolako eta Maria Maestra Haurreskolako irakasle, hezitzaile eta langileek greba egingo dute.

Grebaz gainera, biharko mobilizazioak deitu dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostian Boulevardik irtenda manifestazioa egingo dute, 12:00etan.

Hiru sindikatu horien arabera, Iruñea eta Gasteizko gobernuek kontrako noranzkoa hartu dute: “Ezarri dituzten murrizketekin, hezkuntza inbertsio erabat eskasekin eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiekin”. Ondorioz, hezkuntza publikoaren egoera “larria” dela adierazi dute sindikatuek. Eta, eskatu dutena da, hezkuntza publikoan negoziazio eskubidea berreskuratzea eta lan baldintzak “nabarmen hobetzea”.

Sindikatuen arabera, 2.000 langile gehiago behar dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, eta 900 gehiago Nafarroan. Era berean, jakinarazi dute behin-behinean daudela langileen %40 (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 heziketa berezian eta %63 sukaldaritzan eta garbiketan), eta hori %6ra murriztu beharra dagoela nabarmendu dute.

Irakasle kopurua gehitzeaz gain, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua %10 gutxitu beharra eskatu dute sindikatuek. Eta, premiazkoa jo dute irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!