Haizea Gurrutxaga eta Ibai Munduate sarituak Eskolarteko Bertso Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Errikotxia 2024ko mar. 17a, 10:00

Martxoaren 15ean ospatu da Usurbilen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa.

Martxoaren 15ean ospatu da Usurbilen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Txapelketa eta bertan parte hartu dute Orioko eta Aiako hainbat gaztetxok eskualdeko beste zenbaitekin batera. Antolatzaileen arabera, aipagarria izan da ekitaldian parte hartu duten gaztetxoek erekutsitako maila eta sarituen artean Haizea Gurrutxaga eta Ibai Munduatek egindako bertsoak hautatu dituzte, biak Errikotxia Bertso Eskolako kideak.

Hemendik gure zorionik beroena bientzat eta parte hartu duten bertsolari gazte guztientzat.

Hona hemen lan saituak:

 

Haizea Gurrutxaga:

Gaia: Artista bat izango naiz

Doinua: itsasoari begira

 

Txiki-txikia ni nintzelarik

artista bat nahi nun izan,

denen aurrean, denak begira

kiroldegi baten dantzan, 

nere amatxo leno ere bai

profesionala dela esan, 

hau gezurra da bene-benetan

bera kriston txarra baitzan,

baina handitan nik egon nahi det

torneo batean plazan.

 

Ibai Munduate:

Gaia: Gaur gezur bat asmatu dut ikastolara ez joateko

Doinua: orioko balearenak

 

Atzo ikasi banu

gaur aprobatuko,

baina nik ikasteai

egin diot uko, 

gezur bat pentsatu det

ta ez zait ahaztuko,

gaixo nagola esanda

ez det sufrituko.

 

Amari esan diot

ni gaixo nagola,

gaixo plantak eginez

hala edo nola,

sinistu in du eta

ez noa ikastola,

ama joaten denean

piztu Dragoi-Bola.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!