Telefono hautsia

Maiatzeko KARKARA aldizkarian plazaratutako irudia eta testua, 'Hizkiak eta izpiak' atalean.

Aurrenekoak bigarrenari esandako hitza denon aho eta belarrietatik pasatzen zen, bueltan-bueltan. Gauza sinplea zirudiena konplikatu egiten zen: askotan, ez ginen gai izaten hitz bera lehen ikaslearen ahotik azkenengoaren belarrira eramateko. "Etxea" bihur zitekeen "eztia" sei lagunen filtroa pasatu ondoren, guztiok barrez lehertu aurretik. 

Kultur etxean sua piztu zela esan zuen batek apirilaren 22an; tximistak jo izanaren ondorioz gertatu omen zen ezbeharra, bizilagunen baten hitzetan. Azkenean, ez zen surik izan, ezta tximista-kolperik ere, zorionez. 

Lasaitua hartu eta gero, etxerako bidean telefono hautsiaren jolasa izan nuen gogoan; umetan bezala, nola aldatzen ditugun notiziak ahotik ahora, eta zabaldu, tximista bezain azkar.