Enpresa txikiei lan arriskuen prebentzioan laguntzeko programa jarri du martxan Udal Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Udal Elkartea 2017ko urt. 16a, 16:03

Euskadiko laneko ezbeharren kopuruak gora egin du eta, ondorioz, ezinbestekoa da laneko arriskuen prebentzioa gehiago lantzea.

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu. Lehiakortasuna hobetzeko laneko arriskuen prebentzioa funtsezko eragile bat da, kalitatezko prebentzioak enpresei hobeak izaten eta emaitza hobeak lortzen laguntzen diolako. Euskadiko laneko ezbeharren kopuruak gora egin du eta, ondorioz, ezinbestekoa da laneko arriskuen prebentzioa gehiago lantzea.

Jakin badakigu laneko arriskuen prebentzioaren araubidea ezagutu eta betetzea ez dela erraza, bereziki enpresa txikientzat eta langileak dituzten autonomoentzat. Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat ekimen bideratuko ditu 2017an eskualdeko enpresa txikientzat:

  1. Laneko arriskuen prebentzioan mikroenpresek dauzkaten betebeharren inguruko sentsibilizazio kanpaina –2017ko otsaila–.
  2. Mikropreben programa: Mikroenpresen arduradunentzako laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza programa –2017ko maiatzetik aurrera–.
  3. Zure enpresaren prebentzioa hobetu programa: Enpresa txikietan laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko programa –2017ko urtarriletik apirilera–.

Zure enpresaren prebentzioa hobetu

Urola Kostako Udal Elkarteak martxan jarri berri duen programa da. Kasu askotan, laneko arriskuen prebentzioak ez du enpresentzat lehentasunik izaten, baliabide nahikorik ez dutelako eta behar beste informazio ez dutelako. Programa honen bidez enpresei laneko arriskuen prebentzioa hobetzen lagunduko diegu.

Horretarako, enpresei bisitak egingo dizkiegu, prebentzioaren arloan aholkularitza jaso dezaten DOAN eta KONFIDENTZIALKI.

Aholkularitza bisita hauek elkarrizketa baten bidez egingo ditugu eta, galdetegi batekin, aztertuko dugu enpresan prebentzioaren kudeaketa nola dagoen: prebentzioko modalitatea, arriskuen ebaluazioa, prebentzio jardueraren plangintza, dokumentazioa, erregistroak… Jasotako informazioa aztertu eta enpresari proposamen zehatzak egingo dizkiogu, prebentzioa hobetzeko: hobekuntzak, neurri zuzentzaileak…

Enpresak bere beharrei egokitutako aholkularitza tekniko pertsonalizatua jasoko du. Goi mailako laneko arriskuen prebentzioko teknikari batek egingo du aholkularitza-lan hori.

Enpresaren ikuspuntutik, bisita hauek interesgarriak dira, izan ere, kanpoko aditu baten ikuspegia jasoko du enpresan prebentzioa kudeatzeko erari eta egoerari buruz. Horrez gain, arriskuen ebaluazioaren, prebentzio neurrien eta prebentzioko dokumentazioaren “barne ikuskaritza” gisa ere bidera dezake.

Izena emateko epea

Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da. Izen-ematea Urola Kostako Udal Elkartearen Enpresentzako Zerbitzuan egin beharko da –Urdaneta bidea 6, Zarautz–. Informazio gehiago 943890808 telefonoan, prebentzioa@urolakosta.eus helbide elektronikoan eta Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean.

Ekimenaren babesleak

Ekimena Urola Kostako Udal Elkarteak bideratzen eta kudeatzen du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babes eta diru-laguntzarekin –enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2016ko programa–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!