Herrian herrimin

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2023ko abe. 24a, 09:00
Orioko Antilla hondartza. (Orioko Udala)

Hona hemen Egoitz Dorronsorok Moila Bazterretik atalerako abenduko aldizkarian idatzitako iritzi artikulua.

Memoria gorputzarekin lotzen den hainbat lan akademiko, literario zein artistiko egin dira. Bizitako esperientzien multzoa omen da memoria; eta esperientziak hautemateko zentzumenak behar direnez, gorputza izan behar. Ez ahaztu! Banaketa aristotelikotik harago, burua ere gorputz atal bat dela. Baina, gorputzak denbora eta espazio batean kokatzen dira. Ondorioz, memoriaren kontakizunean lekuek garrantzia dute. Adibide sinplea jarriz: pasadizoren bat kontatzean beti hasten gara kokalekuarekin. Beraz, norberaren garapenean memoria ezinbestekoa zaigu, egunero gogoratzen baitugu iraganean egin edo egin ez genuena.

Norberaren memoria eta espazioaren arteko lotura banaezina bada, zer esan herri baten memoria eta bertako kale, plaza edo eraikinena. Azken hauek dira, herriaz informazio asko duten elementuak: nolakoa zen, zein lan eta nola egiten zituzten… Are gehiago, herri baten memorian zer kontatu nahi dugun eta zer ez erabaki dezakegu hirigintza politiken bitartez. Eraikin historikoak mantendu, lantegi zaharrei funtzio berriak eman edo deuseztatu eta beste zerbait eraiki… Honekin guztiarekin esan nahi dudana da herriaren hirigintzak erosotasunean eta identitatean eragin handia duela. Bada, to nire aldarria: "Zuen hirigintza gure memoriaren aurka".

Herrian, herrimina sentitzeko arrazoietako bat hirigintza da. Hamarkadetako porlan tonek zabalduriko hautsak memoria lausotu digute. Ondorioz, kalea bizitoki beharrean, zerbitzutik zerbitzurako bide bilakatu da. Hondartzan, baldosei eta zementuari eman zitzaien garrantzia lursailak etxez betetzea izanik errentagarri.  Herria izatea ez da udako kolore horiaren euforia, ezta paretan bapore eta arpoirik gabeko baleak marraztea (irribarretsuak ere ikusi ditut). Ezta etxeak eraikitzen jarraitzea alokairu turistikoz betetzeko. Nolako kale, landa eta plazak nahi ditugu? Norentzat? Zertarako? Memoria behar dugu Orio euskaldun, lurrari lotu, burujabe, ez bitar, parekide eta irisgarria eraikitzeko. Gogoratu, memoria gure historial klinikoa dela. Bitartean, irauteko dugun espazio bakarrenetakoa, bakoitzaren gorputza da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!