Aterki umezurtzak

Maiatzeko KARKARA aldizkarian plazaratutako iritzi artikukua, 'Moila bazterretik' atalean.

Munduan badira adorazioz begiratzen diedan bi pertsona mota. Lehenengoa, goizetan irribarretsu, pozik eta energiaz beteta jaikitzen dena. Bigarrena, gauzak ez galtzeko abilidadea duena. Ez dakit zergatik greziarrek ez zuten asmatu horrelako gaitasunak zituzten jainkosa edo jainkorik. Hain eskuraezinak dira bertute horiek. Artistek ere ez dute sortu horrelako super botereak lituzkeen pertsonaiarik beraien komikietan. Eta onar dezagun, izan badira super botereak.

Buru txarra dut. Epe motzerako memoria oso eskasa eta abilidade berezia gauzak erraz ahazteko. Buruan gauza gehiegi ditudan seinale dela esaten dute. Baina izan lan sasoian, izan opor garaian, antzeko galtze tasak izateb ditut. Amak ondo txikitatik errepikatu dit lapurra izateko jaioa ez naizela. Txakurrak kalera irtetean nola, pasatzen naizen leku guztietan uzten omen dut arrastoa. Goizetan ere zakur samarra naiz, zaunkalari profesionala. Eta hori ezin aldatzeko nolakotasuna dela esango nuke.

Gauzak galtzearen konturako, sistema aringarriak garatu ditut. Hasteko, apunta ezazue Euskotreneko arreta zerbitzuaren telefono zenbakia: 944-33 33 33. Eskura izateak dezente gauza errekuperatzen lagunduko dizue. Besteko, gauzak zenbatzea ere sistema erabilgarria da oso. Etxetik ateratzean, nirekin hartzen ditudan gauzak zenbatzen ditut: (1) motxila, (2) aterkia, (3) bazkariaren poltsa, (4) zapia, (5) txaketa. Hala, leku batetik alde egitean errepasoa egiten dut: bat, bi, hiru, lau, bost. Ondo gara. Aurrera. Bukatzeko, egin atzerako ibilbidea eta izan zaren lekuetara bueltatu eta egin galdera. Izan lotsagabe. Jende berria eta jatorra ezagutzeko bide polita izan daiteke.

Galdutako eta errekuperatutako gauzarik xelebreenetakoa ahizparen piraguaren arrauna izan zen. Kuriosoa arrauna galtzea izango dela pentsatuko duzue. Baina ez, gogorrena da ahizpari esan niola seguru nintzela azalduko zela. Esan eta gertatu. Nire eskerrik beroenak arrauna udaltzainetara eraman zuen arima zintzoari. Errematatzeko, omenaldi xume bat egin nahi nieke aterki umezurtzei. Haiek baitira ahanzturaren biktima errepikatuenak. Zenbat galdu ote ditudan, zenbat galdu ote dituen gizateria osoak. Esan, herriko dendariak, zenbat aterki pilatu dituzue negozioak ireki zenituztenetik?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!