Udalak eta Berdin-Berdinak elkarteak hitzarmena sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2016ko uzt. 29a, 14:21

Udalak eta Berdin-Berdinak kirol elkarteak hitzarmena sinatu dute, BERDINDUZ izeneko programa martxan jartzeko. Udalaren izenean Jose Angel Zaldua alkateak sinatu du, eta Berdin-Berdinak elkartearen izenean, berriz, Miren Salsamendi presidenteak.

Hitzarmenak, hasiera batean, urtebeteko indarraldia izango du; baina urtero luza daiteke beste urte batez, bi aldeek hala erabakitzen badute. Nolanahi ere, gehienez lau urtez luza daiteke; hau da, 2019. urtearen bukaera arte.

Hitzarmenaren bidez, Berdin-Berdinak elkarteak 9.500 euro jasoko ditu, BERDINDUZ programa martxan jarri eta kudeatzeko.

BERDINDUZ programaren bidez, honako helburuak bete nahi dituzte Berdin-Berdinak elkarteak eta Orioko Udalak:

  • Desgaitasun-egoeran dauden edo gizarte-integrazioko arazoak dituzten haur eta gaztetxoei aukera erraztea aisialdiko jardueratan parte hartzeko: kirol jarduerak, kulturalak, artistikoak, musikalak...
  • Programan parte hartzen duten eragileei prestakuntza ematea, desgaitasunari buruz duten perspektiba aldatzeko: positiboan pentsatzea, duintasuna, aukera-berdintasuna, eskubideak eta betebeharrak...
  • Programan parte hartzen duten eragileei prestakuntza ematea, elkarbizitzako balioei buruz duten perspektiba aldatzeko: aniztasunaren errespetua, eskuzabaltasuna, enpatia, elkartasuna...
  • BERDINDUZ programaren berri zabaltzea oriotarren artean eta herriko eragileen artean, hedatu nahi ditugun oinarrizko ideiak gizarteratzen laguntzeko.
  • Boluntario-sare aktibo, motibatu eta iraunkorra sortzea Orion.

LaCaixak ere parte hartzen du BERDINDUZ programan, kostuaren zati bat finantzatuz.

Programaren aurkezpena

Hitzarmena uztailean sinatu bada ere, BERDINDUZ programaren aurkezpena irailean egingo dute prentsa aurrean Udalak eta kirol elkarteak, LaCaixako ordezkariarekin eta Udaleko talde politikoekin batera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!