'Glencree' dokumentala ikusteko aukera izango da ostegunean kultur etxean

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2016ko urr. 27a, 08:08

Udalak eta herritar talde batek antolatutako Konponbidean al goaz Orion?jardunaldiaren barruan, zineforuma izango da ostegun arratsaldean kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.

Glencree dokumentala

Glencree, elkarrekin egindako bidea dokumentalak Irlandako Glencree-n 2007ko neguan hasitako esperientzia kontatatzen du. Jatorri politikoko biolentziaren hamar biktimaz osatutako taldea elkartu zen Glencreen, Irlandako Adiskidetzearen eta Bakearen aldeko Etxea dagoen hirian: ETAren bost biktima eta GAL eta eskuin muturreko taldeen beste bost biktima. Elkarren arteko zenbait topaketa egin ondoren, 2012ko udaberrian amaitu zuten prozesua eta, ondoren, jende aurrean agertu ziren aurreneko aldiz, bost urtetan ezkutuan bildu ondoren. Agerraldi hartan elkarrekin adostutako agiriaren berri eman zuten. Bertan, partekatuko bizipenak jaso zituzten, jasandako biolentzia guztia errotik bidegabea dela esanez.

Dokumentala Arabako Murua herrian eta Irlandako Glencree hirian grabatuta dago eta bost urteko prozesu horren kontakizuna egiten du.

Konponbidean al goaz Orion? jardunaldia

2015ean Orioko Udalak gonbita egin zien herriko lagun batzuei, jatorri politikoko indarkeriak eragindako sufrimenduaz hitz egiteko. Udalak herritarrei egindako dei zabalari sei lagunek erantzun zioten eta horiek hainbat bilera egin dituzte dagoeneko, gaiaz aritzeko. Udaleko talde politikoek, beren aldetik, gaia landu dute elkarrekin eta egina dute bide bat, modu paraleloan.

Ibilbide horretan indarkeria politikoak eta terrorismoak gure eguneroko bizitzan eragin dituen ondorioetan zentratu dira eta parte-hartzaileek beren bizipenak konpartitu dituzte, nork bere sufrimenduak azalduz eta besteenak entzunez. Esperientzia interesgarria izan da eta, orain, herriari zabaldu nahi diote eta jende gehiago gonbidatu parte hartzera.

Udalak uste du garrantzizkoa dela parte-hartzea zabaltzea eta ahalik eta herritar gehien inplikatzea prozesu honetan. Horrela bakarrik lortu daiteke bizi izan dugun sufrimenduari hitzak jarri, elkarren minak eta arrazoiak entzun eta gogoeta konpartitu bat egitea.

Hiru ekitaldi, segidako hiru ostegunetan

Herritarren inplikazioa lortzeko ahalegin horretan, Udalak eta herritarren talde horrek, Bakeola zentroaren laguntzarekin, hiru ekitaldi antolatu ditu, Konponbidean al goaz Orion? izenpean. Lehenbizikoa joan den ostegunean izan zen eta beste bi geratzen dira, ostegun honetakoa eta datorrenekoa:

  • Urriak 27, osteguna, 19:00, kultur etxean. zineforuma: Glencree dokumentala
  • Azaroak 3, osteguna, 19:00, Salatxo aretoan. Tailerra: Oriotarren ordua da

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!