Amets Arzallusek aurkeztuta, 'Mugaminak' dokumentala proiektatuko da kultur etxean ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko urt. 9a, 10:56
Argazkia: Ataria.eus

Ostegunean, urtarrilak 12, 'Mugaminak' izeneko dokumentala proiektatuko da kultur etxeko areto nagusian, 19:30ean hasita.

Xuban Intsaustik egindako dokumentala da eta Amets Arzallus bertsolariak aurkeztuko du. Dokumentalak 55 minutu inguru irauten du eta, bukatzen denean, solasaldia izango da Amets Arzallusen eta Jon Agirresarobe Torrotxo oriotarraren artean. Bertaratzen direnek ere izango dute aukera parte hartzeko eta galderak egiteko.

Mugek eragindako zauriak

Amets Arzallus bertsolariak Txipreko inprobisatzaileekin bertso saio bat egin zuen uztail hasieran Paphos herrian. Bertso saio horren aitzakian mugak zatitutako bi herri gurutzatzen ditu dokumentalak: Txipre uhartea eta Euskal Herria.

Txipre 1974az geroztik muga batek zatitua dago, alde batean bizi dira greziarrez mintzo diren txipretarrak, eta beste aldean turkiarrez mintzo direnak. Alde bakoitzak beste aldean utzi behar izan zituen bere hildakoak, bere desagertuak, eta bere etxeak. Berrogei urte pasa dira, eta ez da apenas ezer aldatu. Aktualitateak ahaztua duen gatazka honen zaurietan barna bidaiatuko du Amets Arzallus bertsolariak. Eta gero, Txipren ikasitakoa Euskal Herriko gatazkara ekarriko du bere errelato propioa egiteko.

Mugaminak dokumentala gatazka batek zauritutako jendeetan barna kantuz egindako bidaia bat da, eta gero eta muga gotorragoz josia dagoen mundu baten inguruko gogoeta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!