Kale-garbiketa zerbitzua hobetu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko ots. 16a, 11:19

Urtarrilaz geroztik eguneratze-lana egiten ari dira langileak, garbiketa bereziak eginez, gero mantentzea errazago izan dadin.

Udalak lehiaketa publikoa egin zuen 2016an, kale-garbiketa zerbitzua adjudikatzeko. FCC enpresak irabazi zuen lehiaketa hori eta, hortaz, bera da orain zerbitzua ematen duena, Udalak jarritako irizpideen arabera. Zerbitzuak 310.000 euroko kostua du Udalarentzat urtero.

Udalak 2000. urtean egin zuen azkenekoz kale-garbiketa zerbitzua adjudikatzeko lehiaketa eta, geroztik herria asko handitu eta garatu denez, egokitu beharra zegoen. Horregatik egin zuen iaz Udalak lehiaketa ostera: sortutako premia berriei hobeto erantzuteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

2017ko urtarrilean hasi da FCC kale-garbiketa zerbitzua ematen baldintza berrietan. Zerbitzuak 5 langile izango ditu urtean zehar eta beste 2 gehiago arituko dira udako denboraldian. Horrez gain, bitarteko teknikoak ere handitu dira eta langileek bi eskobatzeko makina izango dituzte, egunero erabiltzeko. Gainera, garbiketa-lana nola egin ere zehaztuago dago orain: zein zonatan noiz, maiztasuna, erabili beharreko teknika eta bitartekoak…

Urtarrilaz geroztik eguneratze-lana egiten ari dira langileak, garbiketa bereziak eginez, gero mantentzea errazago izan dadin. Herritarrek berehala nabarmenduko dute zerbitzuaren hobekuntza eta Udalak espero du horrek eragin positiboa izango duela oriotarron bizi-kalitatean.

Txakur-gorotzen arazoa

Nahiz eta Udalak ahalegin handia egin duen kale-garbiketa zerbitzua hobetzeko, herrian baditugu arazoak, Udalak bakarrik konpondu ezin dituenak; eta horietako bat da txakur-kakena.

Txakur-gorotzen gaia da, garbiketa dela-eta, herritarren artean kexa gehien eta ezinegon gehien sortzen duena eta gai hori guztiz lotuta dago herritarren kontzientziazioarekin.

Udal ordenantzek garbi diote jabeek jaso behar dituztela beren txakurren gorotzak eta hala jakinarazi zien Udalak aspaldi txakur-jabe guztiei: banan-banan eta gutun bidez. Asko dira, ordea, araua betetzen ez dutenak eta, horren ondorioz, gure kaleak —eta, bereziki, lorategi eta belardiak— txakur-gorotzez beteta daude.

Zibismo kontu bat da: kaleak, lorategiak eta belardiak guztionak dira eta, askotan, herritarrok ezin ditugu erabili gutxi batzuen jarrera inzibikoagatik.

Udalak kale-garbiketa zerbitzua hobetzeko egindako ahalegina ez da nahikoa izango herritarrek ere kontzientzia hartzen ez badute eta guztion onerako ezarri diren arauak errespetatzen ez badituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!