Itxura ederra eta uzta aberatsa

Itxura ederra du Zaragueta Herri Eskolako baratzak, eta ostiraleko eguraldi ederra aprobetxatuz uzta jasotzen ibili gara.

Goizetik Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urtekoak letxuak biltzen ibili dira. Haurrak poz-pozik daude arratsaldean bakoitzak bere letxua eramango duelako. Eta seguru, batek baino gehiagok gaur lehenengo aldiz letxua probatuko duela etxekoekin afaltzeko orduan!

Bestalde, udaberrian landatutako kalabaza bikainak ere bildu eta eskolako sarreran jarri ditugu erakusketa moduan. Datorren astean zatitu eta bakoitzak zati bana eramango dugu etxera pure goxo-goxoa egiteko.

Arratsaldean, berriz, hirugarren eta laugarren mailetakoek tipulak eta espinakak landatu dituzte, berriz ere, uzta jaso ahal izateko. Etenik gabeko gurpila.