EGUN GUZTIKO INAUTERI JAIA

Ostiralarekin batera inauteriak ospatu ditugu Zaragueta Herri Eskolako ikasleok eta irakasleok. Aurten Euskal Herriko inauterien gaia harturik, hainbat pertsonaiaz mozorroturik ibili gara: galtzagorriak, Luzaideko bolantak, Nafarroako Lantzeko txatxoak, Bizkaiko Mundakako lamiak eta Zuberoako zamaltzainak. Eguraldia lagun izan dugularik, goizean Oriotik barrena kalejiran ibili gara tartean geldialdiak egin ditugularik. Herriko plazan dantzatu dugu. Oso gustura ibili gara kaleak alaitu ditugulako eta berriz ere, mozorroturik ibiltzeko abagunea izan dugulako.

Arratsaldean berriz, ikastetxeko frontoian dantzen eta mozorroen erakustaldia izan dugu gurasoen aurrean. Ikasleok dirdiraz eta irrikaz bereak eta bi eman dugu. Mozorroen koloreek eta irribarreek guztiok asebete gaituzte.