NAIZENA NAIZELA, ONARTUA

Aurten ere, LGTBIQ+ fobiaren kontrako eguna ospatu dugu. 

“Naizena naizela onartua” leloa ardatz izanik, egunaren zergatia landu da geletan. Adinaren arabera abestiak, bideo laburrak eta ipuinak entzun dituzte ikasleek. Generoen aniztasuna zertan datzan esplikatu da lanketa hauen bidez. Solasaldiak eta norberaren iritzi trukaketak ere mamitsuak izan dira. Bestalde, ikasleen esku ahurra margotan murgilduaz, egoki koloreztatu dute ortzadarraren hormirudia.

Beste behin, hezkuntzatik zutarria ipiniaz etxe sendo bat eraiki daitekeela gogorarazi nahi izan dugu. Ekimen honen oihartzunak eta eraginak urte osoan iraun behar dute, eraikin sendoa hondarrezkoa bihur ez dadin.