Astelehenean hasiko da ikasturtea Esperientzia Eskolan

Irati 2012ko urr. 29a, 16:25
Joan den ikasturteko ikasleei diplomak banatu dizkiete

Orioko Udaleko areto nagusian aurkeztu dute Esperientzia Eskolaren ikasturte berria, astelehenean abiatuko dutena. 50 urtetik gorakoentzako dira eskolak eta adinekoek prestakuntza hartzeaz gain, elkarrekin esperientziak trukatzeko saioak izan ohi dira. Besteak beste osasuna, giza harremanak eta komunikazioa, literatura, zuzenbidea, filosofia, psikologia, bioetika, artearen historia… landuko dituzte eta asteroko saioez gain, hitzaldiak, mintegiak, ibilaldiak, bisitak edo beste eskolekin elkartrukeak ere izango dituzte.

Ekitaldian izan dira iaz Esperientzia Eskolan parte hartu zuten hainbat ikasle, haien hezitzaileak, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar eta Beñat Solaberrieta Orioko alkatea.

Alkateak hartu du lehenengo hitza eta Udala, proiektua laguntzeaz, pozik dagoela adierazi du. Batetik, uste dugu norbere burua aberasteko adina ez dela muga eta bestetik, iruditzen zaigu, sortzen den taldeak berak eta horren baitako dinamikak balio handia duela, esan du Beñat Solaberrietak. Gaineratu du, norbera aberasteko ez ezik besteak eta oro har gizartea aberasteko ere balio duela.

Orioko Herri Ikastolako zuzendariak, Zigor Saizarrek, esan du Esperientzia Eskolako ikasleek eta beraien ikasleek bat egitea ohorea dela.

Lehen urtetik taldeko ikasle izan den Mertxe Bengoetxeak esperientzia aberasgarria dela eta asko ikasteaz gain, lagun arteko giro ona dutela. Bide batez, hezitzaileak eskertzeko ere baliatu ditu bere hitzak.

Inaxi Esnalek bigarren ikasturtea hasiko du aurki eta lehen ikasitakoa gogoratzeko –literatura, adibidez– edo sekula ikastea uste ez zituenak ikasteko –musika– baliatu du Esperientzia Eskola. Gaineratu du herriko bi ikastetxeekin ere harreman ona izan dutela eta irteerak ere aberasgarriak izan direla.

Aurkezpenaren ondoren, aurreko ikasturtean aritutakoei diploma bana eman die alkateak. Guztiak izan ez badira ere, denera 19 lagunek hartu zuten parte. Ikasturte berrian baten batek utziko duen arren berriak ere hasiko direnez, ikasle gehiago izango direla aurreratu digute irakasleek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!