Gure Bazterrak

Eneko Burzako: "Musikalki oso kartel interesgarria dauka Gure Bazterrakek"

Karkara 2014ko aza. 24a, 08:12

Eneko Burzako Modydick ezizenarekin da ezaguna. Azaroaren 29an Gure Bazterrak festibalean izango da beste lau talderekin batera, gogotsu dago getxotarra.

Eneko Burzako. Madrilen bizi den Getxotarra?

Ba momentu honetan Bilbon bizi naiz. Bi urtez egon nintzen Madrilen audio profesionala ikasten eta Cotard delusion diskoa prestatzen. Diskoaren nahasketak eta masterizazioa bukatzeko Bilbora bueltatu nintzen.

Ikasketaz telekomunikazio ingeniaria, ezta?

Bai, ikasketak bukatu ostean bi urtez egon nintzen ingeniari lanetan. Gero musikak harrapatu ninduen eta momentu honetan ingeniaritza titulua senideak pozik edukitzeko lorpen bat da gehien bat...

Madrilera, oker ez banago, soinu master bat egitera joan zinen 2011 urtean.

Hori izan zen aitzakia aldaketa bat hasteko nire bizitzan. Telekomunikazio ikasketak edukitzea laguntza ona da audio munduaren oinarriak ondo ulertzeko. Madrilen soinu ekoizpenaren adar asko ikasi nituen eta musikari batentzako uste dut hori oso inportantea dela.

Ikasketa horiek izatea, soinu ekoizpenaren jakintza izatea, lagungarria zaizu zure ofizioan?

Noski, azkenean teknikariaren edota ekoizlearen hizkuntz hori ezagutzeak zure soinuaren arduraduna izatera hurbiltzen zaitu eta bilatzen ari zaren soinuaren aldetik kontrol gehiago eduki dezakezu.

Izan ere, lanbidez, musikaria zara..

Bai, horregatik murgildu nahi nuen ekoizpenean. Uste dut musika profesionalizatu gura baduzu ahalik eta arma gehienak erabiltzen jakin behar duzula. Nire kasuan, argitaratzen dudan musika gehiena auto-ekoiztua da, hori dela eta, ekoizle baten jakintzaz baliatzeak bidea errazten dizu buruan daukazun diskoa egiterakoan.

Nun bandan zebiltzala ezagutu zintugun. Hori izan zen zure hasiera?

Nun taldean izugarrizko eboluzioa bizi nuen musikari bezala, baina egia esanda aurretik beste proiektu surrealista baten nengoen sartuta, Zast! izenekoa.

2009an bertan behera utzi zenuten proiektua. Zer dela eta?

Erlazio gehienetan gertatzen den bezala, uste dut taldearen amaiera gauza natural bat bezala gertatu zela. Gure artean beti erlazio ona eduki dugu, baina musikalki interes edo motibazio ezberdinak edukitzen ari ginen, eta gainera nik lantalde dinamika baten ohitura horretatik atera nahi nuen. Uste dut helmuga natural batera heldu ginela eta ibilbidea bukatutzat ematea erabaki genuen.

Baten amaierak bestearen agerpena ekarri zuen?

Bai, baina lehenengoaren amaierak ez dauka zerikusi handirik bigarrenaren agerpenarekin. Mobydick sortzerakoan Nun taldearen lanean jartzen nuen indarra ez zen aldatu. Musikalki hain ezberdinak zirenez ez zegoen holako konfliktorik. Mobydick bezala 2006an hasi nintzen kontzertuak ematen eta bi proiektuen baterako existentzian ez zegoen arazorik. Ez zegoen bipolarismo musikalik edo barne borroka sortzailerik. Gero Nunen metxa hori amaitzen joan zen eta Mobydick geratu zen bakarrik.

Talde bateko kide izatetik bakarlari izatera igaro zinen.

Ez zuen trantsizio askorik suposatu. Garai batez bi proiektuak elkar bizi ziren, eta momentu batean, bat desagertu zen. Nik Mobydickengan beti indar berdina jarri dut, baita Nun taldean ere. Nun taldearen agurrarekin musika egiteko neukan denbora guztia Mobydicken inbertitzen nuen, baina Mobydick ez zen Nun taldearen desagerpenaz aprobetxatu.

Mobydick 2009an hasi zen eta lehen urte horretan And then she became God's friend EPa atera zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Egia esanda, Mobydickekin 2006an hasi nintzen kontzertuak egiten. Hasiera baten bertsioak bakarrik jorratzen nituen eta 2-3 urtez jendaurrean musikari askoren bertsioak nire egiten saiatu nintzen. Garai oso etilikoa... Izugarrizko ikasketa prozesua izan zen, baina saihestezina zen denborarekin kanta propioak egiteko nahia sortzea.

Tabernetan jotzen ere hasi zinen. Eszenatoki egokiak al dira tabernak?

Edozein espazio izan daiteke eszenatoki on bat. Kontzertu baten atzetik dauden antolatzaileak eta aretora hurbiltzen diren entzuleen erantzuna ona baldin bada, berdin zait herriko taberna txiki bat izatea ala Wembley estadioa.

Izan taberna, izan festibal handi bat... oholtza batean zaudeneko sentimendua beti berdina da?

Azken finean taberna txiki baten edo eszenatoki itzel baten arteko diferentzia kontzertuaren prestakuntzaren inguruan gertatzen denarekin dauka zerikusia: soinu frogaren ordutegiak, etab... baina kontzertua hasten denean barnetik sortzen den grina oso antzekoa izaten ohi da edozein kasutan.

Non sentitzen zara erosoen?

Aretoak bere papera betetzen du, baina aipatzen duzun erosotasun hori beste faktore batzuen menpe dago.

Batzuetan hasierako gonbidatu izatea egokitu zaizu. Antza, horrelakoetan, artista printzipalari ikustera joaten da jendea. Zure jarrera aldatu egiten da horrelakoetan?

Ez, kontzertu batek beti xarma berbera dauka, bai bakarrik jotzerakoan, bai Rolling Stonesen aurretik joko banu. Parte hartzen dudan kontzertu gehienetan uste dut maila antzeko musikariok jotzen dugula. Dena den, artista oso famatu baten aurretik jotzerakoan, zu ezagutzen ez zaituen jende asko etorriko dela suposatzen da, orduan, aukera hori aprobetxatzen saiatzen zara entzule berri horren aurrean zure proposamena ezagutarazteko.

Beste batzuetan, badakizu, bai ala bai zu ikustera joan direla. Horrek berezia behar du izan...

Ba espero dut horrela izatea [barre]. Alde horretatik denetarik dago, egun onak eta txarrak; baina orokorrean jendearen erantzuna ona izaten da, Gipuzkoa aldean bereziki...

Kontzertuetan bertsio asko jo izan dituzu: Britney Spearsetik hasi eta Wilcoraino Su ta Garretik pasata. Zure bigarren lana, Covers, bost bertsioz osatuta dago. Zer dela eta bertsioak jotzeko hautua?

Azken urteotako errepertorioetan kanta propioak dira nagusi. Mobydicken kontzertuetan beti 2 edo 3 bertsio jotzen ditut, beste kanta guztiak propioak izaten dira, baina bai, betidanik gustatu zait beste musikarien bertsioak nire erara interpretatzea. Uste dut oso inportantea dela beste artisten kantak aztertzea, musikariok uste duguna baino inportanteagoa agian. Gauza berriak ikasteko erarik aproposena da.

Eta ia beti Johnny Cash eta Neil Young jotzearen arrazoia?

Bi izen handi dira horiek, baina ez dira bakarrak izan. Agian Johnny Cashen errepertorioa gehiago bisitatu dut, baina beste izen handien abestietan murgiltzen saiatu naiz, hala nola: Mikel Laboa, Nick Cave, Pink Floyd, Blind Gary Davis, Jeff Buckley, Bonnie Prince Billy...

Bertsioez gain kanta eta ideia propiok ere garatzen dituzu...

Egunero musikaz inguratuta bazaude, nahi edo nahi ez, kanta propioak sortzeko beharra sortzen da noizbait. 2006 eta 2009 artean kanta propio batzuk sortzen joan nintzen. Ez denak batera, tanta puntual batzuk bezala baizik, oso astiro ateratzen ziren kantak. 2009an ideia horiek EP batean sartzea erabaki nuen, eta horrela sortu zen Mobydicken lehenengo lana And then she became God’s friend.

Azken lana, Cotard delusion, crowdfunding plataformaren bitartez egindakoa da. Erraz lortu zenuen behar zenuen kopurua?

Pentsatzen nuena baino askoz azkarrago. Jendearen erantzuna ezin hobea izan zen eta 4-5 egunetan eskatzen nuen aurrekontu guztia lortzeko gai izan nintzen. Parte hartu zutenei beti eskertuko diet Mobydicken alde egindako apustua.

Semi-zuzeneko moduan dago grabatua.  Zergatik erabaki zenuen horrela egitea?

Diskoan gaingiroki bi motatako kantak daudela esan dezakegu. Alde batetik kanta intimoagoak, non gitarra eta ahotsa oinarri bezala erabiltzen diren; eta bestetik, banda dimentsiora ailegatzen diren kantak. Azken hauetan musikarien arteko interakzioan sortzen den energia islatzea lortu nahi genuen, orduan era horretan egin genuen guztia. Lehendabizi bateria, baxua eta nire gitarra eta ahotsa grabatu genituen, dena batera eta ia-ia lehenengo hartualdian. Gero detailetxoak eta koruak guzti horren gainetik gehitu genituen.

Orain zuzenean abestea egokitzen zaizu, Orion, azaroaren 29an. Gogoz?

Noski, beste kontzertu guztiekin gertatzen den bezala. Orioko kontzertuaren inguruan sentsazio nahiko onak daude eta gau berezi bat izango dela susmatzen da. Gainera Gure Bazterrak izeneko lehenengo ekimena izateko kartel majua geratu da, musikalki oso interesgarria.

Gure bazterrak izeneko proiektuaren lehen hazia izango da, bai, festibala. Horrelako ekimenak sortzea beharrezko ikusten duzu?

Kulturarekin erlazionatutako ekimenak egitea zentzua izango dute beti. Aipatzen duzun lehen hazi hori indarrez sortzen bada horrek, gerora, bakarrik gauza onak ekarri ditzake, eta espero dut etorkizunean horrela izatea.

Euskal Herriko panorama musikala nola ikusten zenuen diasporatik?

Jadanik diaspora hori utzi dudan arren, uste dut panorama hori zerbait aldatu dela duela 10-15 urtetatik hona. Musikalki Euskal Herrian uste dut betidanik aberastasun musikala nagusitu dela. Bestaldetik ez daukat oso argi zer gertatzen ari den, baina entzuleari dagokionez, ematen du belaunaldi aldaketa edo inflexio-puntu baten barruan gaudela murgilduta. Agian nire sentsazio pertsonala izan daiteke, baina uste dut kontzertuetara hurbiltzeko ohitura edo kultura hori aldatu egin dela apur bat, eta oraindik ez dakit oso ziur noraino joango den asuntoa.

Eta zuk, diasporan bueltatzeko asmoarekin?

Oraintxe Bilbon nago, baina kanpoan gauza interesgarriak egiteko aukera berri bat sortzen bada kontutan hartuko dut.

Eta etorkizunera begira, baduzu lan berriren bat buruan?

Pasa den urtean Cotard delusion diskoa aurkezten egon nintzen, bai bakarlari gisa, bai banda formatuan. Aurten zuzenekoak ematen jarraituko dut eta disko berriaren kantak prestatzen jarraituko dut. Espero dut hurrengo urtearen bukaerarako lan berri horren berri izatea...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!