Gure Bazterrak

Herriko taldea herrian jotzen

Karkara 2014ko aza. 27a, 10:03

Joseba Britek –expatriatua–, Iñaki Gurrutxagak –gitarra–, Andoni Lertxundik –biolina eta teklatuak–,  Imanol Arrutik –Bateria–, Eñaut Martík –Gitarra– eta Alexander Zubizarretak –Baxua– osatzen dute Giranice. Talde oriotarrak etxean joko du larunbat honetan, Gure Bazterrak jaialdian.

Etxeko taldea zarete. Errespetuz, gogoz; errespetuz eta gogoz...

Gogoz. Errespetuz...ez dakigu kontzertu bati errespetua zor zaion edo zer, agian bai; baina eguna ailegatzeko amorratzen, hori seguru.

Euskal Herriko beste lau talde ere izango dira oholtzan, euskal herrian nahiz estatu mailanezagunak direnak. Izen horiekin batera jotzean eszenatokia handi geratuko zaizuela uste duzue?

Eszenatokian dena ahazten da, denontzat izan daiteke handia edo txikia unearen arabera. Guk aspaldi galdu genion beldurra izen handiei edota txikiei, lehen aipatzen zenuten errespetua zor diegu bai beraiei, bai geure musikari.

Badira zuek joko duzuelako sarrera erosi dutenak. Espero al zenuten hori?

2 urte eta zerbait gehiago jo gabe egon ondoren, eta herrian gainera, norbait egongo ote da Giranice gustuko duenik? Espero... bada, ez dakigu; denbora gehiegi izan da eszenatoki batera igo gabe, oraindik zuzeneko talde sentitzen garen ere ez dakigu. Larunbata eta gero hitz egin dezakegu horren inguruan.

Festibala izango dira. Formatu honen aldekoak zarete?

Badira musika helburu duten festibalak, badira publizitatea helburu dutenak, beraien baitan zirku bat sortu eta musikaz ahazten direnak... musika erdigunea den edozein ekitaldi dugu gustuko. Azkenean, mundu honetan, kantek hitz egiten baitute eta ez beste txorakeriek.

Euskal Herrian badira izena hartu duten festibal handiak: Big Festival, Kutxa Kultur Festibal, BBK live... festibal honek beste oinarri bat du, hiru gazte euskaldun eta kultur zaleren egitasmoa izan baita. Horrelako ekimenak euskal kultura suspertzeko balio dutela uste duzue?

Pozgarria da oraindik, kultura sustatzeko ekimenen oinarriari begiratuta, jendeak musikarengatik duen pasioagatik saiakerak egiten dituela ikustea. Horrelako gauzak positiboki bakarrik lagundu dezakete. Ea gehiago sortzen diren!

Kulturak musu-truk beharko lukeela uste dute askok. Horrek zuei zuzenean eragiten dizue...kontsumo ohiturak aldatzeko beharra ere ikusten duzue?

Ez da kontsumo ohituren kontua, ez dugu uste, baizik eta saltzen denarena. Beste edozein produktu oinarri hartuko bagenuke, gizartearen, kulturen, jendearen ohiturak aldatzen doaz eta saldu behar duzun hori moldatu behar duzu.

Internetek hor eragin handia izan du... Baina alde onak ere baditu sareak. Ozeanoaren bestaldean dagoen talde xume bat ezagutzeko aukera ematen du... Zuek ere sarean zaudete, badcampen.

Guk sarea maite dugu: musika asko entzuten dugu, musika asko kontsumitu eta sareak horretara bultzatzen gaitu. Baina askotan, gehiegikeria horrek musikaren zentzua galtzera eramaten gaitu, hau da, gehiegi kontsumitu eta ez diogu behar adinako inportantzia ematen sortzen diren gauzei, disko bat egiteak atzean duen zailtasunei, garrantziari...

Asteburuko talde guztiak Euskal Herrikoak zarete. Hori berezia izango da, ezta?

Egia esan, Mobydick kenduta, beste taldeekin jotzeko aukerarik ez dugu izan inoiz –agian estiloagatik izan daiteke–, eta beti gustatzen zaigu jende berria ezagutu eta egiten dutenaz gozatzea. Alde horretatik zer ikasi asko izango dugu larunbatean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!