Organoa lau eskutara

Karkara 2014ko abe. 18a, 08:54

Lau esku, lau hanka, baina bi buru kontzertua eskainiko dute Xabier Lizaso eta Loreto Aramendik bihar, abenduaren 19an, 22:30ean

Organoa jotzen bi lagun: Xabier Lizaso eta Loreto Aramendi. Lau esku eta lau hanka instrumentu berean.  Batera arituko dira organoari soinua ateratzen bi musikariak, bihar, gaueko 22:30ean.

Loreto Aramendi oriotarrak ibilbide luzea egin du organoaren alorrean. Donostiako kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta han eskuratu zituen pianoko, klabeko, organoko eta ganbera-musikako goi titulazioak. Donostiatik Baionara joan zen, organoan gehiago sakontzera. Urrezko Domina eta lehenengo saria eskuratu zituen hobekuntzako zikloaren amaieran. Baionatik Lyonera. Han, Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean, hainbat organo-irakaslerekin egin zuen lan. Organo espezialitatean goi ikasketen diploma nazionala eskuratu zuen. Eta Lyonetik Parisera. Bost urtez hobetzen egon zen, eta, han ere, goi zikloaren amaierako saria eta musika ikasketa orokorren diploma eskuratu zituen. Parisetik Bartzelonara, piano-teknika landu eta hobetzera.

Jaialditan errezitaldiak eskaini ditu, kontzertuak ematen ditu bakarlari modura, EOSarekin lan egin eta bi disko grabatu ditu, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko irakaslea da eta Donostiako Amaren Bazilizako koruko organo-jotzaile titularra da.

Curriculum aberatsa eta teknika landua ditu Aramendik. Baina, berarekin arituko dena ere organo-jotzaile fina da, Xabier Lizaso oriotarra. Lizasok ongi ezagutzen du Orioko organoa, hainbatetan jotzen baitu bertan.

Organo berria ezagutzeko aukera

Kontzertua baina lehen, 22:00ak aldera, elizako organo berria ikusteko aukera izango da. Xabier Lizaso egongo da han, erakusteko eta azalpenak emateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!