Eguberrietan, mahaian

Edorta Agirre 2014ko abe. 29a, 10:32

Eta... zein arraio ote naiz ni oriotarrei Eguberrietan edo ezkonberritan nola jokatu behar duten esateko?  Tira, aginduak bete behar. Gustura, gainera, Orio goxo horretatik etorrita. Hasteko, nire iritzian, platerekoa, %15; hortik gorakoa, %85. Gure festa da, ez saltzaileena; geure burua goxatu behar dugu baina ez platerera begira bakarrik;  jakia lagungarri bat da. Jan, egunero jaten dugu. Horren premian Orion ez dago  inor.

Kontua da nolako giroa sortu behar den, jaiak ospatzeko. Lege zaharreko erritoak betetzea garrantzi handikoa da: ordurako etorri, burua fresko –egarrituta, alegia–, problemak atean utzita, gainerakoei hitz goxo bat adierazi, umeei protagonistak beraiek bakarrik ez direla argi eta garbi utzi, etab. Taldearen festa da.

Ta? Janaz hitzik ez, ala? Zer jarri, betikoa? Nola bete denen zaletasuna? Nola sendatu poltsikoko zuloa? Egin behar: elkartu zaitezte arduradunak, hartu lapitza eta paper muturra eta apuntatu:
a) batetik, gustuko jan-edanak zein diren;
b) bestetik, horren arabera, sarrera, mariskoa, arraina, postrea, edaria, jela –baita kikarak, eltze handia, aulkiak...– nork zer ekarriko duen.

Zenbat, ordea? Gosea lehenaldiko kontua da. Elkartu eta giroaz gozatzea dugu helburu. Erosi tamainan, zakarrontzia izaten delako egun hauetan mesedetua. Sobratuko dena, txerrijan izan aurretik, elikagaien bankura.

Noiz, nola erosi? Pixkanaka. Mahaikide guztien gustua ezagututakoan, begiratu pixka bat hemen eta hor eta, azkenean, aukeratu. Presarik gabe, dendako jana ez baita galduko.

Nondik ekarri? Aspalditik, hiper erraldoi horiek baino herriko denda nahiago izan dugu: hor ia denetik daukagunez, ez dugu autoa hartu behar, betiko saltzaileak sos batzuk aterako ditu, herriko gaztagile, arrantzale, baserritarrari erosiko zaio krisi latz honetan, eta biharamunean bera izango da saldutakoaren erantzule, bertako produktu sanoak erosiko ditugu... komertzio erraldoi horietan ez bezala.

Nola prestatu? Ez egin esperimentu berriegirik aurreneko aldiz. Jaki edo entsalada hori aldez aurretik bi aldiz egin eta automatizatuta ekarri behar da. Egingo dugunaren zapore, tenperatura, usaina... dena ezaguna izango dugu. Ez hartu sekulako esku-lanak, ez baitu merezi; gorde sakrifizio horiek beste baterako.

Gutiziaren bat? Foie-gras, ostra, xanpain... Gogoan izan Lapurdi Gipuzkoa bezain Euskal Herria dela. Eta, sukaldeko lanak egina, postreekin dator politena, goxoena: komunikazioa.
Jakina, hau ez omen da askok espero zutena, gustukoa dutena, baina... Geure burua, Orio, Euskal Herria eta planeta osoa zaindu beharko.
Ondo pasa, aupa Orio!