Joseba Tarantino: "Joaten nintzen tokian maitatua sentitu nahi nuen"

Karkara 2015ko urt. 21a, 10:24

Joseba Tarantinok –Orio, 1995– lesioak oztopo izan ditu, futbola uzteko erabakia hartzeraino. Berriz hasi da futbolean, Oiartzun futbol taldean, hirugarren mailan

Betidanik izan du futbolarekiko afizioa Tarantinok, baita futbola ofizio bihurtzeko ilusioa ere. Futbol zelaian orduak eman dituen arren, asko eta asko izan dira zelaira atera eta futbolean jokatu ahal izateko errehabilitazioan pasatako orduak. Eroriz ikasten omen da oinez, baina behin eta berriz erortzea astuna izatez gain, lehentasunak aldatzea ere dakar.

Realean kontratua bukatu eta ez zizutela berrituko esan zizuten.

Jubeniletan kontratua bukatzen zitzaidan. Urte ia osoa minduta pasa nuen, hiru hilabete bai behintzat. Bi bider lesionatu nintzen denboraldian.

Lesioek eragina izan zuten, beraz.

Sasoiko nengoenean minutuak izaten nituen, asko jokatzen nuen. Ondoen nengoen momentuan Sanserekin lagunarteko partida bat jokatzeko aukera izan nuen, eta entrenatzeko aukera ere sortu zitzaidan. Baina, orduan lesioa izan nuen eta aukera horiek galdu nituen.

Lesio bat atzera pausu bat da, ezta?

Berriz ere hastea dakar. Sendatzen pasatzen duzun denbora eta gero, berriz hasten zara; ez zerotik, baina ez utzi zenuen puntutik. Eta, lehen zenuen maila berreskuratzeko hiru bat jardunaldi igaro behar dira. 

Realetik nora joan zinen?

Estatu Batuetatik eskaintza jaso nuen. Lehen mailako ligaren atzetik unibertsitateko liga dago, hau da, hemengo bigarren maila izango litzatekeena da han unibertsitate maila. Dudatan egon nintzen joan ala ez, baina, azkenean, ezezkoa eman nuen.

Zer dela eta?

Realeko ezetzaren ondoren ilusioa egin zidan Estatu Batuetatik interesa agertzeak. Polita izan zitekeen, baina lau urte igaro behar nituen han, bakarrik, eta familiakoekin hitz egin ostean ez joatea erabaki nuen.

Eskaintza hori baztertu ostean, gehiago izan zenituen?

Zain egon nintzen eta bigarren B mailako Leioa taldetik deitu ninduten. Nahiz eta minduta nenbilen, joatea erabaki nuen, baina bi astez entrenatu eta utzi egin behar izan nuen. Ez nengoen guztiz ondo.

Lesioa lesioaren atzetik...

Amorru handia eman zidan. Ondoren, Pasaiatik ere deitu zidaten. Baiezkoa eman nuen, erronka berri bakoitzaren aurrean ilusioa pizten zitzaidan eta Pasaiako deiak ere poztu egin ninduen. Baina minarekin nenbilen eta ez nuen gozatzen, nire buruarekin ere ondo ez egotera heldu nintzen.

Ondo ez nengoela ikusita, taldearekin hitz egin nuen eta futbola uztea erabaki nuen. Orain arteko bidearekin amaitzea, puntu eta aparte egitea. Oriokora etorri nintzen.

Lagun artera.

Beste era batera bizi nuen futbola Oriokon. Aurreko futbol-ibilbideaz ezer gutxi jakin nahi nuen. Zoritxar ugari pasa nituenez, txipa aldatu eta beste asmo batekin hasi nintzen jokatzen. 

Lehenago zure asmoa zein zen, bada?

Aurreko taldeetan futbolaz bizitzea zen nire jomuga eta helburu hori lortzeko ilusioarekin egiten nuen aurrera. Bigarren mailan eta bigarren B mailan egon nahi nuen etorkizunean, jendea kategoria horietan futbolaz bizi baita. 

Eta, azkenean, helburu horretara eraman zaitzakeen trena hartu duzu berriro.

Lagun Onak taldeak eta Oiartzunek deitu zidaten. Oiartzunera joatea erabaki nuen.  Gustura hasi nintzen, baina bost partidu jokatu eta lesionatu egin nintzen. Zazpi zentimetroko haustura egin nuen; sendatu, entrenamenduetara bueltatu, eta berriz hautsi naiz.

Zenbateko denborarako izango duzu?

Zentimetro bat hautsiz gero aste bete behar duzula diote. Oraingoan ez dut aurrekoan bezain beste ireki, baina hilabete ez dit inork kenduko. Gero puntuan egoteko behar den denbora ere kontuan hartu behar da...

Zergatik horrenbeste haustura?

Batzuek elikadura dela diote, beste batzuek jokatzeko era... Sarritan aztertu dute lesioen zergatia, baina ez dute sekula asmatu. Realan inguruko mediku-talde onena dago, eta han ere ez zuten jakin zergatik gertatzen zaidan.

Frustragarria izan behar du.

Hala da, bai. Hasieran gogotsu zaude; gainera, Championsean eta ligan jokatzen nenbilen. Gero, erori egiten zara, behin eta berriz, eta horrek animoan eragin zuzena dauka. Dena den, orain, saiatzeko asmoarekin nago. Ondo hasi nintzen eta pozik nengoen.

Arazoak arazo eta lesioak lesio, Oiartzunen pozik zaudela dirudi.

Hasieratik ondo tratatu naute. Jokalarien eta entrenatzailearen artean konplizitatea dago, talde-giro itzela. Oiartzun sailkapenean beran dago, gaizki goaz, baina ez gaude burumakur. Ez dago aurpegi txarrik edo erantzun itsusirik. Lana ondo egiten da, asko eskatzen dute, baina beste umore batekin hartzen dute.

Futbola horrela bizi duen talde batean egon nahi zenuen?

Joaten nintzen tokian maitatua sentitu nahi nuen. Talde batzuetan 3-4 jokalari on daude, onenak, eta horiek mimatzen dituzte. Oiartzunen, ordea, guztioi maitatzen gaituzte eta horrek konfiantza ematen dizu. Lanean bezalaxe da, zuzendariak zugan konfiantza duela erakusten badizu, zuk lana hobeto egingo duzu.

Gainera, hirugarren mailan egoteak etorkizunerako ateak ere zabaltzen dizkizu.

19 urte ditut eta saiatu behar nuela ikusi nuen, probatu egin behar nuela. Izan ere, hirugarren maila ikustera joaten den zaletua ezberdina da eta aurrera begirako ate gehiago zabaltzeko aukera ematen du.

Zure helburua hori da, futbolean aurrera egitea?

Orain interesantea litzaken leku batetik deituko banindute, joan egingo nintzateke. Baina, halaber, ez diot ematen lehen ematen nion garrantzia. Orain, horrenbeste dezepzio eta gero, konturatu naiz futbola ez dela printzipala. Oiartzunen nahi dudalako nago, entrenatzera gustura joaten naizelako. Nahiago dut horrelako talde batean egon, gorako talde batean muturtuta egon baino.

Lehen ez nuke horrela baloratuko, baina lehentasunak aldatu egin zaizkit. Lehen nahiago nuen taulako lehen postuetako talderen batean egon eta ahal nuena egin, beherako taldean gustura egon baino. Futbolak ordu asko kentzen dizkit eta nagoen tokian gustura egotea ezinbestekoa iruditzen zait. Oiartzunen pozik nago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!