Ate irekiak Zaragueta eskolan

Karkara 2015ko urt. 21a, 12:00

Urtarrilaren 31n Zaragueta Herri Eskolako ateak irekita egongo dira eskola bera eta hezkuntza proiektua ezagutu nahi duenarentzat. Otsailaren 2tik 13ra matrikulazio epea zabalik egongo da.

Pertsona mundialak ditugu atsegin lelopean, neguko matrikulazio kanpaina hasi dute Zaragueta Herri Eskolan. Berehala irekiko da ikasleak matrikulatzeko epea, eta hori baino lehen, ate irekien eguna antolatu dute. Eskolako hezkuntza proiektua ezagutzeko eta instalazioak bisitatzeko aukera izango dute gurasoek egun horretan, urtarrilaren 31n, larunbatean.

11:00etatik 13:00etara egingo dira ate irekiak. Lehen orduan euskaraz aurkeztuko zaie hezkuntza proiektua gurasoei, eta 12:00etan gazteleraz. Gero, irakasleen eskutik bisita gidatua egingo dute, eskola barrutik ezagutzeko. Haurrentzako ere salto-gela, margo tailerra eta informatika tailerra irekiak egongo dira. Guztia amaitu eta gero, hamaiketakoa egingo dute jangelan.

Matrikulatzeko garaia

Otsailaren 2an irekiko da matrikulazio epea, eta 13ra arte egongo da zabalik. Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako epea bera izango da.

Bere seme-alabak Zaraguetan matrikulatu nahi duenak egun horietan 9:00etatik 17:00etara egin ahal izango du, eskolan bertan. Gurasoen NAN-a eta familia liburua dira matrikula egiteko beharrezko dokumentuak.

Informazio gehiago nahi duenak 943894052 telefonoan edo www.zaragueta.net webgunean aurki dezake.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!