Etxetik lan egiteko aukera

Karkara 2015ko urt. 22a, 09:00

Urola Kostako Udal Elkarteak On line lana, laneratzeko beste era bat proiektua jarriko du martxan,  eskualdeko enpresa eta langabeentzat

Enpresaren egoitzatik kanpo lan egiteak malgutasuna ematen du. Eginbeharrak dituzu, baina jarraitu beharreko ordutegi zehatzik ez daukazu. Era askean bete behar duzu lana.

Internet bidezko lanpostuak areagotuz doaz, gero eta gehiago dira online egiten dutenak lan. Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak on line lana, laneratzeko beste era bat izeneko proiektua jarri du martxan. Eskualdeko enpresetan formula horrek izan ditzakeen aukerak eta bideragarritasuna aurkeztuko dute ekimen honetan.

Lana era horretara egiteko interesa duten enpresa eta norbanakoak gonbidatzen ditu Urola Kostako Udal Elkarteak proiektuan parte hartzera. Hamar enpresen parte hartzea bilatzen du Udal Elkarteak, eta, gutxienez, lau langilez osatuta egon behar dute. Lehenetsi egingo dira langile bat kontratatzeko asmoa duten enpresak.

Baina langabeek ere izango dute tokia proiektuan, izan ere, parte hartzen duten langabeak harremanetan jarriko ditugu izena eman duten enpresekin. Horretarako enpresa bakoitzaren beharrak ikusi eta proiektu bat definituko genuke, online egin daitekeena.

Zehaztuko dugun proiektua martxan jartzeko formakuntza jasoko dute bai langabeek, bai enpresek. Guztira 27 orduko prestakuntza izango da, sei gaitan banatuta:

  • Online marketinaren estrategia: 4 ordu
  • Doako webgune bat sortu: 8 ordu
  • Bilatzaileetan posizionamendua: 4 ordu
  • Online komunikazioaren lege alderdiak: 3 ordu
  • Email marketina: 4 ordu
  • Publizitate kanpainak: 4 ordu

Ikastaroa ere online bidez izango da, ordenagailu bitartez jasoko da heziketa; batzuetan, streamingez eta beste batzuetan aurrez grabatutako bideoekin. Dena den, tutoretza saioak izango dira atal bakoitza bukatutakoan eta horiek aurrez aurre izango dira.

Programaren xehetasunak jakin nahi izanez gero, urtarrilaren 28an streaming bidezko jardunaldia antolatu dute 12:30etatik 13:30etara. Hala ere, enpresa@urolakosta.org idatzita edo 943 89 08 08 telefonora deituta ere informazioa jaso dezakezu.

Ikastaroa otsailaren 9tik martxoaren 31 izango da. Izen emateko epea urtarrilaren 30ean amaituko da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!