Orio 2030

Mugikortasunaren ardatza irisgarritasuna

Karkara 2015ko mar. 4a, 11:28

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokor Berriaren hirugarren bilera izan zen atzokoa. Mugikortasunaren inguruan jardun ziren.

Mugikortasuna izan zuen ardatz atzoko bilera irekiak. 20:00etan egin zen, orain artekoak eta ondorengoak bezala, Kultur Etxean. 30 lagun inguru bildu ziren, eta ekarpenen tartean iritzi asko trukatu ziren, kolore guztietakoak.

Testuingururik gabe ezin ulertu egungo errealitatea. Hortaz, testuingurua azalduz hasi zen saioa. Mugikortasunaren lehen proposamen-zirriborroa egiteko aurrez egindako lanak begiratu eta aintzat hartu zituztela azaldu zuen Mikel Iriondok. Lan horiek ondorengoak izan dira: 2011 urtean Eusko Gudari kalearen mugikortasun diagnosia, urte berean egindako herri bideen inbentarioa, urte bete beranduago Orioko emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. plana eta orain arte, urtez urte, egin den egoeraren azterketa. Ikerketa lan horiek hartu ziren kontuan lehen zirriborroa egiteko.

Publikotik lehen ekarpena honen harira etorri zen, izan ere, Topagune berdeak 2012an mugikortasun txosten bat egin zuen eta bertan landutakoa ere kontuan hartu beharko litzatekeela azaldu zuten. Txosten horretan bai oinezko, bizikleta eta motordun ibilgailuen azterketa egiten zen eta proposamenak ere landu ziren. Horiek Plan Orokorraren proposamenetan islarik ez zutela eta, kexu agertu ziren hainbat herritar. Plan Orokorrean lanean ari direnek aintzat hartuko dutela bermatu zuen Iriondok.

Jasangarritasuna oinarrizko irizpidea

Behin testuingurua azalduta, mugikortasunaren lehen zirriborroa gauzatzeko garaian markatutako irizpide orokorrak zein ziren azaldu zuen. Bai ala bai, Plan Orokor Berrian jasangarritasunaren oinarriak bete behar direla azpimarratu zuen. Premisa, oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoaren zirkulazioa dela gaineratu zuen, bai herrian bertan, bai herritik kanpo.

Oinezko eta bizikleta sareak herriko ekipamendu eta esparru interesgarri guztietara iritsi behar dutela esan zuen. Herriko gune garrantzitsu guztiak lotu behar ditu. Bestalde, garraio publikoaren erabilera sendotu eta indartu egin behar da, herria inguruarekin lotzeko tresna modura erabili.

* Oinezko sare proposamena                                    *Bizikleta sare proposamena.
                                                                               Gorria herri barrukoa

                                                                               Laranja Gipuzkoako bidegorri sarea

Bidegorri sareak eta oinezkoen sareak merezi duen protagonismoa izateko beharra azpimarratu zuen Iriondok. Eta horri dagokion proposamen bat landu dute Plan Orokor Berrian, aurretik ere mahai gainean egon zena, Donejakue bidean, autopista parean, zubi txiki bat egitean bidea lotzeko.

* marra etenak proposatzen duten zubia irudikatzen du
   marra gorriak Donejakue bidea
   marra berdea oinezkoen sarea

Horrez gain, irisgarritasun arazoei aurre egin behar zaiola ere esan zuen. Proposamenak alor publikokoak izan ohi direla ere esan zuen, eta esparru pribatuari arreta jartzeko premia ere azaldu zuen.

Kale eta errepideak osatu behar direla ere gaineratu zuen. Dena den, egungo eredua egokia dela ere esan zuten. Halaber, bi obra egitea proposatu zuen:

1. Egungo errepidearen saihesbidea. Zubi bat egingo litzateke, Arraunetxetik aurrera joanda, Usurbilera doan biribilgunera eramango zaituena.

2. Arrantzale kalea izango litzateke motordun garraioen errepide printzipala. Arrantzale kaleari jarraipena eman nahi zaio, plaza inguruan zubi bat eginez. Zubia igo eta jaitsi egingo litzateke, itsasontzian sartu eta atera ahal izateko.

Horrez gain, garapen berriak oinarrizko aparkalekuekin osatzeko beharra ere azpimarratu zuen Iriondok.

* Urdinez dauden marra etenak lirateke saihesbideko errepidea eta bi zubiak.
* Horiak parkingak
* Urdina errepide sarea
* Gorria herriko bidegorri sarea
* Laranja Gipuzkoako bidegorri sarea
* Berdea oinezkoen sarea

Ekarpen asko publikotik

 Herritarrek beren iritzia eman zuten ondoren. Ondorengo proposamenak egin zituzten:

- Topagune berdeak egindako txostena aintzat hartzea eta Plan Orokorraren proposamenean islatuta ikustea

- Bidegorria:

  1. Bizikleta sarea ez da sarea, bizikletaz nondik joan daitekeen arautzen duen bidea baizik.
  2. Proposamenak ez du ekarpen berririk egiten, gaur egun dagoenaren berbera da. Bikamiotako zatia falta da, ardatza dena.
  3. Arrantzale kaletik hondartzarainoko bidegorria markatu.
  4. Kanpina bidegorri sarearekin ondo lotu.
  5. Gipuzkoako bidegorri sarea, Motondoko berreskuratze prozesua eginez gero, trenbide ondotik joan beharko luke.
  6. Gipuzkoako bidegorri sarea Agiñakoarekin lotuko litzateke Itzaotik.

- Aurreko saioan hainbat proposamen egin ziren, baina, oraingoan, ez da ez proposamenik, ez diagnosi sakonik egon.

- Herri barrua oinezkoentzat egitea

  1. Herriko irteera Txankatik izatea zubiak egiten diren bitartean. Asteburuetako dinamika astean zehar ere edukitzea, 24 orduz. Honela, espazio publiko garrantzitsua –herriko plaza–, belaunaldi arteko bilera lekua dena, oinezkoentzat segurua izango litzateke.
  2. Txankako irteera betirako jartzen bada, 2.5 kilometroko buelta egin beharko genuke. Lanera Zarautzera –edo kanpora– joaten garenontzat gastu handia da eta ingurugiroarentzat ere kaltegarria da.

- Aparkalekuak:

  1. Aparkaleku falta. Ez dago proposamenik edo garapenik Plan Berriaren proposamenean. Negozioetakoek jendea kanpotik etortzea behar dugu, eta horientzat ez dago aparkamendurik. Eta, daudenak, oso urruti daude. Denden araberako aparkamendu kopurua egon beharko luke.
  2. Eusko Gudarin aparkaleku falta itzela
  3. Ez dago aparkamendu faltarik. Kilometroak egunean, hainbat kale itxi zirela eta, Palotetan aparkaleku alternatiboa jarri genuen. Ez ziren 30 kotxe hurbildu hara. Hotza egiten duenean ere soberan izaten dira aparkamenduak; honek zera esan nahi du, jendeak garajeak dauzka baina ez ditu erabiltzen.
  4. Oreka bilatu behar da. Gabezia dagoen zonak jada garatuta daude eta ez daude apenas garajeak, Eusko Gudarin, esaterako. Oinezkoentzat egitea ona da, baina gertutasuna lortu behar da, nahiz eta gertu egote hori pertzepzioaren araberakoa ere baden.

- Anibarko Portua:

  1. Marra urdina duten aparkalekuak daude, zentzurik ez duenean.
  2. Plazaraino doan bidegorria egitea oso ondo legoke.
  3. Anibarko Portua eta Aita Lertxundi kaleen artean abiadura murrizteko gailuak jarri.

- OA kalea:

  1. irisgarria izateko beharra.
  2. OA kalea zailena da irisgarria egiteko. Eskaileretan gora dago. 2006an onartu zen apaizetxeko igogailutik, atzeko sorotatik barrena, OA kalerako pasabidea egitea; eta, handik, Antxiolara jarraipena egitea. Oraindik ez da egin.
  3. Guztiz irisgarria egiteko zaila da oso.

- Antxiola kalea da irisgarritasun aldetik okerren dagoena, kaltetu gehien bertan baitaude.

- Garraio publikoan arazo handia dago Orion. Autobusek ezin dute herrira sartu. Arrantzale kaletik sarrera-irteera eginez gero, hobetu egingo litzateke zerbitzua.

- Zubiari estalkia jartzea, trenera joatean ez bustitzeko. Topagune berdearen txostenean ere eskari hau zegoen. Saihesbidea egingo balitz posible da, Udalaren eskumena izango litzatekeelako, baina, orain, errepide nazionala denez, ez dago Udalaren esku. Ortzaikako zubia ere ez da Udalaren eskumena, Aldundiarena baizik.

- Hendaia 3n, moilan, espaloia zabaldu.

- Moila-Arostegi bidea estuegia da eta kotxeak aparkatu egiten dute. Arazo hori konpondu.

- Autopista azpian oinezkoen zubia egitea. Donejakue bidearen barruan, plan batean sartu zen proposamen hori 2004an. Aldundiak bideratutako proiektua zen, baina ez du garapenik izan. Aurten, Jaurlaritza Donejakue bidearen sustapena egiten ari denez, berriz proposatu zuen Udalak zubiarena, baina ez du, oraingoz, onarpenik izan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!