Hauteskundeak

EAJko alkategaiak Orio erakutsi zion Markel Olanori

Karkara 2015ko mar. 6a, 12:09

Orioko ikastetxeak, enpresak eta proiektuak ezagutu zituen atzo Markel Olanok.

Gipuzkoa bisitatzen ari da, herriz herri, Markel Olano. Herri bakoitzeko alkategaiaren eskutik herriaren errealitatea ezagutu du diputatu nagusi ohiak. Atzo, Orion izan zen. Goizeko 11:00etan hasi zuen eguna, Kofradiako arrantzaleen bisitarekin.

Jose Angel Zalduak arrantzaren garrantzia azpimarratu zuen. Orion itsas-tradizioa hamarkadaz hamarkada transmititu da, belaunaldiz belaunaldi. Orain, sei arrantza-ontzi besterik ez dira gertatzen, eta egoeraren larritasunaz jabetuta dago EAJko alkategaia.

Kofradia zaharraren eta egungoaren egoeraz ere hitz egin zuten. Zaharrean lanak egitea zaila da oso, erakunde asko baitaude tartean. Kofradia berrirako bidea, iaztik, itxita dago luiziaren ondorioz. Aurtengo neguko euriteek bidea are gehiago itxi dute. Antza, konponbidea litzatekeen proiektua onartuta dago; mendia konpondu beharrean, errepide berria egingo dute, zuzenean kofradiara joango den zubia.

Kofradiatik Ikastolara joan ziren. Hezkuntza proiektuaren berri eman zien ikastolakoek, berritzailea dena. Hezkuntzaren adar hori jorratzeko beharra ikusi zuten bai Olanok, bai Zalduak. Hezkuntzatik hasi eta lan munduraino, ekintzailetasuna sustraituta egoteko garrantzia azpimarratu zuten.

Hori dela eta, ikastolatik hiru enpresetara egin zuten txangoa: Trasnportes Indo, Astilleros Amilibia eta Dhemen Design. Hirurak interesgarriak iruditu zitzaizkien, baina atentzio berezia eman zioten azkenak, Dhemen Designek. Enpresako kideen esanak berretsi zituzten, hau da, biziki garrantzitsua dela marka propioa izatea eta egindako produktuak hemen bertan saltzeaz gain, kanpora ere zabaltzea.

Enpresa mota hori –enpresa motoreak– sortu eta gorpuzteko asmoa azpimarratu zuten Olano eta Zalduak. Orion, ordea, enpresak sortzeko eta ekintzaile izateko aukera mugatuta daudela esan zuten, geografiagatik. Olanori harritu egin zion enpresak Aian egoteak, esaterako. Oriotik kanpora joan beharrean, herrian industriagune bat eraikitzeak onurak ekarriko dituela irizten zioten.

Proiektua garatu zen, autopistako sarreran dago kokatuta industriagunearen proiektua. Zalduak azaldu zuen lurrak erosi eta obra egotzi zitzaion enpresak lurra jo zuela, gainbehera izan zuela. Lau urte hauetan lanean hasi eta industriagunea egitea garrantzitsua zela gaineratu zuen, baina legealdi bat galdu dutela. Orain, egoera berriz aztertu eta behingoagatik industriagunea egiteko eman beharreko pausoak emateko nahia azaleratu zuen. 

Industriagunea eginez gero, autopistako sarrera baliagarriagoa izango dela gehitu zuen alkategaiak. Eta, horri, Arraunetxe alboko zubia gehituz gero, Oriok asko irabaziko lukeela gaineratu zuen. Proiektu horren nondik norakoa azaldu zioten Olanori bazkalostean, Zaragueta bisitatu eta gero.

 

Hortik Arraunetxera joan ziren. Han, arraunean jarri zituzten Olano eta Zaldua. Instalakuntzak eta proiektua ezagutua, eguneko txangoa Katxiñan amaitu zuten. Bertako txakolina probatzen eman zioten amaiera egunari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!