Etxeko lehen bi partidatan Orioko Bate Bizkorrak garaile

Karkara 2015ko mar. 25a, 08:49
Argazkia: Sergio Berdasko

Kataluniako Projecta taldearen aurka jokatu zituzten bigarren jardunaldiko partidak Mendibeltzen

Espainiako Sofbol Ligaren bigarren jardunaldian lehen bi garaipenak lortu ditu OBBk Kataluniako Projecta taldearen aurka. Etxean jokatu zituzten bi partidak martxoaren 22an, igandean.

Yusmeri Pacheco jokalari kubatarrak jokaldi perfektua lortu zuen lehen partidan pitcherraren goman: baseak hutsik mantendu zituen eta ez zuen hitik jaso kontran. Azkenean, 0-11 irabazi zuten oriotarrek laugarren sarreran. Ainara eta Amaia Larraza ahizpa oriotarrek eta Kubako fitxaketa berriak, Diamela Puentesek ere partida oso ona jokatu zuten.

Bigarren partidan Ainara Larraza zuen pitcher OBBk. Partidak zailtasunak ekarri zituen, baina batearekin ongi aritu ziren etxekoak eta katalanek hainbat akats egin zituzten. 9-17 irabazi zuten partida, eta Maialen Pisón jubenila eta Katia Coello kubatarra nabarmendu ziren bigarren lehia hartan.

Katalunian jokatuko dute hirugarren jardunaldia Orioko neskek, datorren asteburuan, Viladecans taldearen aurka.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!