Nazioarteko estropadak

Iritsi da egun handia, hemen dira Nazioarteko Estropadak

Karkara 2015ko api. 4a, 12:49
2015ko api. 4a, 18:47

Ozta-ozta ez du irabazi Oriok, segundo bateko aldeagatik. Labradores gailendu da gizonezkoen finalean, 1:58 denbora eginda. Orio, esan bezala, segundo batera iritsi da. Hirugarren sailkatua Baiona izan da, zortzira.

Hiru estropada jokatu behar izan dituzte oriotarrek. Lehendabizikoa, sailkapen estropada, nagusitasunez irabazi dute. Hasiera-hasieratik aurrea hartu dute eta 2:13 denborarekin lehenak izan dira helmuga igarotzen.

Finalaurrekoan Miñoko patroia nahastu eta oriotarren kalean sartu da. Biak ziren sailkatzekoak, baina akats honen erruz, Miño kanpoan geratu da. Oriok, alde handia zuenez, bigarren sailkatzea lortu du eta finalerako txartela eskuratu du.

Finalean, arestian aipatu bezala, segundo bateko aldeagatik ez da irabazle izendatu Orioko taldea. Labradores de Sevillak eraman du Babyauto sari nagusia.

2015ko api. 4a, 18:47

Alirona hiru eratara. Hiru kantu jo behar izan dituzte Asturiasko, Herrialde Katalanetako eta herriko musika taldeek. Horietako bi We are the Champions eta Aliron. Azken honekin egin dugu bideoa.

2015ko api. 4a, 18:39

Emakumezkoen finala Ampostak irabazi du, 2:33:98 denborarekin. Santiagotarrak izan dira bigarren, segudo bat galduta. Sevila lau segundora helmugaratu da eta Alicante bederatzigarren.

Oriotarrak lehen estropada hirugarren postuan helmugaratu dira. Lehen bi postuetan sailkatu ez direnez, B finala jokatu dute. Eta, final horretan, laugarren helmugaratu dira.

2015ko api. 4a, 15:04

Arratsaldeko 16:15ean hasiko dira estropadak. Gizonezkoen zortzikoak hasiko dira lehendabizi. Lau taldetan daude banatuta hamabi taldeak. Horietatik zortzi hurrengo multzora sailkatuko dira: lehen bi taldeetako lau azkarrenak batetik, eta ondorengo bi taldeetako lau azkarrenak bestetik. Eta hurrengo multzo horretan ere bi zatitan banatuko dira.

Sailkatu ez direnek bigarren estropada bat jokatuko dute, baina ez da ezer egongo jokoan, ezingo dute banderagatik lehiatu. Sailkatu direnek, ordea, finalerako txartela izango dute jokoan. Zortzi talde horietatik lau azkarrenek –multzo bakoitzeko bi azkarrenek– lortuko dute finala jokatzea. Finala 17:30ean izango da.


Neskak bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzeko bi azkarrenak, zuzenean, finalera pasako dira. Finala 17:25ean izango da. Dena den, sailkatu ez direnek bigarren estropada bat jokatzeko aukera izango dute, 17:15ean egingo dena.

Sariak 17:40ean banatuko dituzte, moilan, plaza parean. Horretarako oholtza moduko bat prestatu dute.

2015ko api. 4a, 14:27

Asturiasko Miravalles, Herrialde Katalanetako Vinardells eta Orioko Talai Mendi. Hiru musika talde horiek igo dira aurkezpenaren ostean taula gainera, hiru abestiko kontzertutxoa eskaintzera. Aliron eta We are the champions kantak jo behar izan dituzte, derrigor; hirugarren kanta talde bakoitzak aukeratu du.

Lehendabizi Asturiasekoak igo dira. Gaita izan da protagonista beren hiru piezetan. Ondoren, Vinardells taldeak hartu du taula. Herrian hain ezaguna den Aliron beste ikutu batekin entzuteko aukera izan da; tanbor, xirula eta gaita soinuarekin, alegia. Gero, herritarrak igo dira oholtzara eta Aliron kantua modurik ezagunenean entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek.

Hiru taldeak hiru kantuak jo ostean herriko kaleetan barrena ibiliko dira, herritarrak animatzen eta festa giroa zabaltzen.

2015ko api. 4a, 14:13

Aurkeztu dituzte Nazioarteko Estropadan parte hartuko duten taldeak; aurkeztu dituzte 140 arraunlariak. Goizeko 11:30ean izan da aurkezpena, herriko plazan. Jon Agirresarobe eta Xabi Ibargurenek aurkeztuta, Orioko udaletxeko balkoira igo dira arratsaldean nor baino nor izango diren arraunlariak.

Orioko Arraunketa Elkarteak bi talde aurkeztuko ditu; bata gizonezkoetan, bestea emakumezkoetan.

2015ko api. 4a, 13:33

Haurrentzat tailerrak izan dira goiz osoa zehar, oraindik ere plazan margotzen ari dira umeak beren gurasoen laguntzarekin. Puzgarriak jartzekotan ere egon dira, baina euria egiten zuenez, ezin izan dituzte jarri.

2015ko api. 4a, 11:00

Iritsi da egun handia. Orioko Arraunketa Elkarteak mende erdia betetzea aitzakia ezinhobea da aspaldiko ekitaldia berreskuratzeko: Nazioarteko Estropadak. Herria horiz jantzi da, eta eguraldiak goizean goiz lagundu ez arren, guztia prest dago.

Goizean haurrentzako tailerrak izango dira plazan. 11:30ean parte hartuko duten taldeen aurkezpena egingo da, plazan hori ere. 12:00etan txarangen arteko lehiaketa egingo da, bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu. Aliron eta Queen-en We are the Champions bai ala bai jo beharko dute, halabeharrez. Arratsaldean, 16:15ean, estropadak hasiko dira eta 17:40ean sariak banatuko dira.

KARKARAk zuzeneko kontakizuna egingo du. Twitterren #NazioartekoEstropadak traolarekin txiokatuko dugu; eta, bestalde, webgunean bideoak, argazkiak eta albiste laburrak zintzilikatuko ditugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!