Gure Bazterrak

Festibala baino gehiago

Karkara 2015ko api. 15a, 10:40

Musika Udalekuak jarri ditu martxan Gure Bazterrak egitasmoak. Askizu aterpetxean izango da ekainaren 28tik uztailaren 5a bitarteko egonaldia.

Esan zuten. Jakinaren gainean jarri ziguten: Gure Bazterrak musika festibal bat baino gehiago da. Orion antolatu zuten festibala proiektu baten alea besterik ez zela aitortu ziguten ia duela urtebete, ondo sustraitu eta adar asko izatera helduko zen hazia izatea nahi zuten.

Eta, ari dira, hazi horretatik adarrak jaiotzen. Oraingoan, bigarrena, denbora luzez lantzen ibili direna: Musika laborategia. Musika oinarrian izango du, Gure Bazterrak egitasmoak bezala; eta musika hezkuntzarekin uztartuko dute. Udako kanpamendua jarri dute martxan; musika udalekuak, alegia.

Udalekuetan 8 urtetik 14 urte bitarteko haurrak hartu dezakete parte, eta ekainaren 28an hasi eta uztailaren 5ean amaituko da. Egonaldia Getariako Askizu aterpetxean egingo dute. Izena ematen dutenek musikaz ikasi eta gozatzeko aukera izango dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero edota inskripzio orria behar baduzue musikalaborategia@gmail.com helbidera idatzi beharko duzue. Ikasi eta gozatu dezagun musikaz gure bazter guztietan!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!