Naturalki egiten dena ordenatu nahi izan du Udalak

Karkara 2015ko api. 22a, 10:41

Errepidean seinaleak jarrita, lehentasuna bizikletek dutela azaldu nahi izan du Udalak. Segurtasuna bermatu nahi izan dute egindako lanarekin.

Herritar askoren ahotan dabilen galdera da: zer esan nahi du errepidean margotutakoak? Bizikletarekin ibili gaitezkeela? Bizikletek lehentasuna dutela? Azken galderari baiezkoa erantzun diezaiokegu. Txirrindulariek izango dute lehentasuna herriko errepideetan, eta hori adierazi nahi izan dute oraindik amaitu gabe duten jarduerarekin.

Bide seinale bertikalak jartzearekin batera amaituko da lana, azaldu du Amaia Dorronsoro zinegotziak. Seinale horietan azalduko da lehentasuna txirrindulariek izango dutela. Datorren astean jarriko dira aipatutako seinaleak.

Errealitateari erantzun azkarra emateko asmoa

Bidegorri sarea osatu nahi du Udalak herrian. Gune batzuetan errazagoa da beste batzuetan baino; Eusko Gudari kalean esaterako, oso estua denez, ez dute beste irtenbiderik ikusi.

Arrantzale kalean autoak baterian edo linean aparkatuta daudenez, aparkalekuen albo-alboan marraztuz gero bidegorria, kotxeek txirrindulariak harrapatzeko arriskua izango lukete. Hori ekiditeko, eta arrisku gutxien izango lukeen aukera bermatzeko, txirrindulariak errepidearen erditik joatea erabaki dugu, argitu du Dorronsorok.

Hondartzarako bidean ere txirrindulariek lehentasuna dutela adieraztea ezinbestekoa iruditu zaio Udalari. Izan ere, eguraldi ona hasi dela eta, ume uholde handia joaten da Bikamiotatik Abaromendira bizikletan. Taldean joaten direnez, karril estu bat egin ordez errepide guztian zehar lehentasuna izatea ziurragoa iruditu zaie.

Txirrindulariek 30 kilometro orduko abiaduran joan beharko dute errepidean. Eta, autoek, txirrindularien atzetik joan beharko dute. Hau da, lehentasuna bizikletan doazenek daukate.

Bidegorririk ez, oraingoz

Udalak jarduera azkarra egiteko beharra ikusten zuen. Eta, presari diru-laguntzarik ez duela gehituz gero, bidegorria egin ordez errepidean seinaleak jartzea erabaki dute. Izan ere, adibidez, Arrantzale kaleko espaloian bidegorria jartzeko obrak egin behar dira eta inbertsiorako dirua behar da. Oraingoz, ez dagoen dirua.

Dena den, etorkizunerako ez dizkiete horrelako aukerei aterik ixten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!