Infantil mutilak Gipuzkoako finalean

Karkara 2015ko api. 24a, 10:28

Gipuzkoako finala klub bereko bi talderen artean jokatuko da, bata oriotarra eta bestea zarauztarra.

Saskibaloiko Gipuzkoako Finala jokatuko da larunbatean, 10:30ean. Donostiako Mons kiroldegian, Intxaurrondon, izango da. Orioko infantil mutilak Zarauzkoen aurka lehiatuko dira, biak ZAST klubeko taldeak. Hortaz, bai ala bai, irabazten duenak irabazita, ZASTek irabaziko du.

Asteburuan Azpaitian irabazi eta gero, Gipuzkoako beren kategoriako finalerako txartela lortu zuten oriotarrek, azaldu du Iker Gurrutxagak, eta gaineratu du: kasualitatez, beste txartela ZASTeko beste taldeak lortu du. Hortaz, finala, ZASTeko bi taldek jokatuko dute. Bi taldeetan lehenengo urteko jokalariak dira gehiengoa eta bigarren urtekoen ligan ari dira jokatzen, zehaztu du Gurrutxagak.

Iaz bi taldeetako jokalariekin osatutako taldeak irabazi zuen Gipuzkoako Txapelketa.  Hortaz, aurten, batzuk errepikatu egingo dute, bigarrengoz Gipuzkoako Txapeldun izango dira. Dena den, irabazi edo galdu, Orioko saskibaloia osasuntsu dagoela garbi geratuko da.

Gainontzeko taldeak ere maila onean

Kadete neskek berdinketa hirukoitz bat eta gero ezin izan dute lauko finalerako txartelik lortu, baina bukaera arte izan dituzte aukerak. Gutxigatik ez dira finalera iritsi. Infantil neskak, ordea, lortu dute lauko finalerako txartela. Datozen asteetan jokatuko dute aipatutako finala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!