Abantailak irakurtzen gozatzen duenarentzat

Karkara 2015ko api. 23a, 09:46

Liburuaren egunaren harira, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa jarri dute martxan. Erosketa txekeak eta elkarteetako bazkideentzako abantailak eskainiko ditu ekainaren 30era arte iraungo duen egitasmoak.

Irakurzaletasuna sustatzearekin batera, euskarazko literatura eta herrietako liburutegiak ezagutaraztea dira egitasmoaren helburuak. Orioko  Udalaren Euskara Zerbitzuak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Karkarak jarri dute martxan ekimena, elkarlanean. Gaur hasi da, Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilaren 23an, eta ekainaren 30ean amaituko da. Liburu dendetan beranduago bukatuko da, uztailaren 11n.

Erosketa txekeak eta elkarteetako bazkideentzako abantailak eskainiko ditu egitasmoak, irakurzaletasuna bultzatzeko xedearekin.

Hiru pauso eman behar dira parte hartzeko. Lehendabizi euskaraz irakurri behar da. Herriko liburutegi publikora joan behar da eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da etxera eraman eta irakurtzeko.

Ondoren, gozatzeko garaia izango da. Behin irakurrita liburutegira itzuli behar da eta fitxa sinple bat bete beharko da liburuaren inguruko iritzia ematen. Fitxa betetzean liburuzainak erosketa-txekea emango du, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko –Iturainen, Maukan edo Ontzan–.

Liburutegian jasotako txartelarekin parte hartzaileek euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25a ordaindu ahalko dute. Karkarako bazkideek %50eko deskontua izango dute. Erosketa-txekearekin erositako liburua oparitu behar da: lagunari, senideari edo norbere buruari.

Beste hainbat zozketa

Maiatzaren eta ekainaren bukaeran zozketa egingo da Udal liburutegian ekimen honetan parte hartzen dutenen artean. 30 euroko erosketa-txeke bana zozkatuko da partaideen artean.

Bestalde, martxoko eta apirileko erabiltzaile helduen artean e-book bat zozkatuko da gaurko egunean, liburuaren eguna dela aitzakia hartuta.

Bederatzigarren edizio honetan, beste behin, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Honela, irakurleari aipatutako abantailak eskainiko dizkiete, gaur hasita, ekainaren 30a bitarte.


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!