Errasti eta Urain: "Taldean hasi eta amaitzera goaz, baina ez goaz paseatzera"

Karkara 2015ko api. 24a, 10:40

Hamaika ekintza egiten dituzte Aldapa-Orio zikloturista elkartekoek. Gaur Belgikarako hegazkina hartu dute, Liège-Bastogne-Liège klasikan parte hartzeko.

Zikloturismoa hamaika modutara ulertzen dute, baina guztiek bat egiten dute txirrindularitzarekiko maitasunean. Orioko txirrindulariak, gustuko bidean aldaparik ikusten ez dutenak, Aldapa-Orio Zikloturista taldean batu ziren. Ordutik, pasio batek elkartuta, aldapan gora eta behera ibiltzen dira. Aurten 43 dira dituzten fitxak.

Igandero-igandero irteerak antolatzen dituzte. Irteera horiekin nahiko bizikleta-dosi dute batzuek; beste batzuek, ordea, Gipuzkoako Federazioak antolatzen dituen frogetan hartzen dute parte. Estatuan eta atzerrian ibiltzen dira batzuk, baita master-lehiaketetan ere.  Aldapa-Orio taldeko maillotak, hortaz, Euskal Herriko bazter guztietan ikusteaz gain, atzerriko errepideetan ere ikusi daitezke.

Hainbat froga ofizialetan hartu dute parte 2014 denboraldian. Gipuzkoan: Deba, Bergara, Donostia, Ordizia, Billabona, Zarautz eta Tolosa. Nafarroan: Tafalla eta Iruñea. Bizkaian, Gernikan. Espainian: Sos del Rey Catolico, Sabiñanigo, Cabezon de la Sal, Lagos de Covadonga. Frantzian: Alpe D' Huez.

Taldekako hainbat irteera ere egin dituzte. Iganderoko irteera Sellatuak, martxotik iraila bitarte; Pirinioetara, Harora eta Kantabriara

Bizikleta gainean hara eta hona ibiltzeaz gain, txirrindularitzari lotutako hainbat ekimenetan ere hartu dute parte: Bidasoako itzulian, Ikastolako Mendi Lasterketan, Ikastolako Triatloia, Bisigu eguna, Aiako Euskal Herriko Itzulia...

Eta, horretaz guztiaz gain, orain, Liège-Bastogne-Liège klasikoan hartuko dute parte igande honetan, 26ean. Bidaia egin aurretik Jon Errasti eta Xekin bildu gara.

Errasti eta Urain : "Taldean izugarriko giroa izan dugu,  ilusio handiarekin gaude"

Igandean Belgikan izango zarete, baina ez oporretan. Txirrindularitza proba batean parte hartzeko bidaiatuko duzue hara.
Jon Errasti:
Udaberriko klasika bat egitera goaz, Liége-Bastogne-Liége. 1892an egin zen lehen edizioa. Belgika inguruan egiten diren klasiketako bat da; bost dira ezagunenak, eta hau horietako bat da.

Eta klasika izateak zer esan nahi du?
Errasti: Egun bateko probak dira klasikak, etapa bakarrekoak. Lège-Bastogne-Liège klasiken artean dagoen zaharrenetarikoa da; zaharrena izateaz gain, ospetsuenetakoa ere bada.

Zein ezaugarri ditu zuek egingo duzuen klasika honek?
Errasti:
Profesionalek egiten dituzten etapez gain, zikloturistentzako etapak ere antolatzen dituzte. Guk hor hartuko dugu parte, nahiz eta profesionalen ibilbide berdina egingo dugun. Guk larunbatean egingo dugu proba eta profesionalek igandean.

Hau da etaparen ibilbidea:

      

Eta, zer dela eta animatu zarete klasika horretan parte hartzera?
Errasti: Badirudi Quebrantahuesos egiteko ibiltzen garela. Quebrantahuesos Behobiarekin aldera genezake. Baina hori ez da txirrindularitzako proba bakarra, pila bat daude. Ideia hori atera zen. Zazpi laguneko taldea osatu genuen –Jon Errasti, Felix Urain, Iñigo Arruti,Aitor Lertxundi, Mikel Lertxundi, Iñaki Gurrutxaga eta Xabier Altuna oiartzuarra– animatu egin ginen.

Baina badute antzekotasuna Quebrantahuesosek eta Liége-Bastogne-Liège probak?
Errasti:
Proba bakoitzak bere berezitasuna dauka. 253 kilometro ditu egingo ditugunak, oso luzea da. Ez du portu luzerik, portu txikiz osatutako ibilbidea da. Maldak ere motzak dira, 2-3 kilometrokoak baina malda altukoak. Gutxi gorabehera zortzi orduko proba da. Horiek dira Liège-Bastogne-Liégeren berezitasunak.
Felix Urain: Hemen askok Quebranta jartzen dute helburu, eta bestelako etapa bat egitea polita izango da.

Igande honetan da proba. Baina, prestaketak noiz hasi zenituzten?Errasti: Irailean hasi ginen entrenatzen. Urrian hegazkina hartu genuen eta abenduan, inskripzio epea zabaldu zenean, izena eman genuen.

Prestakuntza oso zehatza izaten da?
Errasti: Goazen guztiak dezente ibiltzen gara bizikletan, ez gara igandeko irteeretara mugatzen. Baina hau proba luzea denez, prestatu egin behar da. Bakoitza bere egutegietara moldatu da entrenatzeko, baina talde bezala egiteko asmoa dugunez, hileko azken igandeetan bildu egiten ginen elkarrekin bizikletan ibiltzeko. Azaroan hasi ginen lau ordu egiten, 110 kilometro inguru, eta hilero irteera ordubete luzatzen joan gara.
Urain: Azkenekoan, esaterako, zazpi orduko irteera egin genuen.
Errasti: Eta, inork huts ez egiteko irteeretan, joaten ez zenak 15 euroko multa ordaindu behar zuen.
Urain: Ez dakit multagatik edo zergatik, baina guztiok joan gara irteera guztietara.

Taldeko erritmoa izatea lortu duzue?Errasti: Azkeneko entrenamenduek balio izan digute taldeko erritmoa fintzeko. Uste dut ondo ibili gaitezkeela.
Urain: Taldean, denok batera egitea polita da.

Neguan egin duen eguraldiak ez zuen asko lagunduko, ezta?
Errasti: Eguraldi oso txarra egin du. Urtarrileko irteeran –Gernikara joan ziren– izan ezik, gainontzekoetan euria egin digu.
Urain: Neguan orduak sartu behar dira eta egin duen eguraldiarekin ez da erraza.

Larunbatean da proba. Noiz joango zarete hara?

Errasti: Ostiralean abituko gara –gaur–, hegazkinez. Aukera berdinak ikusi genituen eta egokiena hau iruditu zitzaigun. Bizikletak furgoneta batean bidali ditugu –asteazkenean– eta han jasoko ditugu. Larunbatean proba egingo dugu eta igandean profesionalena ikusiko dugu. Proba hori ikusi ostean itzulerako hegazkina hartuko dugu.
Ostatua gurekin datorren oiartzuarraren bidez lortu dugu. Bera txirrindulari profesional baten –Oreka taldekoa– bizilaguna da, eta hark lortu ditu hotela. Horren bitartez lortu dugunez, hasieran, gu ere profesionalak ginela uste zuten.
Urain: Emailetan ere badirudi Orekaren bigarren taldea garela.
Errasti: Kamioia aparkatzeko tokia utziko zigutela zioten, bizikletak garbitzekoa...
Urain: Baina, beno, ondo etorri zaigu profesionalak ginela pentsatzea. Erraztasun asko eman dizkigute eta prezioak ere merkeagoak dira horrela.

Esperientzia polita izango da...
Errasti: Politena niretzat taldean joatea da. Baita hileroko prestaketa hori ere, asko gustatu zait. Eta probari dagokionez, kuriositatea daukat ezagutzeko beste herrialde batean nola bizi duten txirrindularitza, nolakoa izango den etapa...
Urain: Taldean izugarriko giroa izan dugu. Oso ondo ibili gara. Jendea ilusio handiarekin dago. Entrenatzeko gogoa ikusten da.
Errasti: Ez daukazu denbora hobea egiteko presio hori. Taldean hasi eta amaitzera goaz, baina ez goaz paseatzera, erritmo onean egiteko asmoa daukagu.

Ilusionatuta bazaudete, pentsatzen dut hau ez dela bost ospetsuenetako azkena izango...
Urain: Batzuk jada ari dira hurrengo batean pentsatzen...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!