Hauteskundeak

Ekonomia sustatzeko non ekin behar dela uste duzue? Nola ikusten dituzue arrantza eta turismo sektoreak?

Karkara 2015ko mai. 19a, 16:15

Zaldua

Oriok beti gabezia bat izan du, industrialdea da hori. Industrialdean enpresak kokatzen direnean dirua etorriko da Udalera, Jarduera Ekonomikoen Zergaren bitartez. Horrek, gainera, enpleguak sortuko ditu, eta poztasuna ekarriko du herrira. Lana duenak dirua lortzen du eta herrian gastua egiten du du, herriko tabernatan eta dendetan uzten du dirua.

Lortzen diren diru-laguntzak ere garrantzitsuak dira. Aurreko legealdian 6 milioi euro lortu ziren subentzioetan. Eta aurtengo legealdian 2 milioi bakarrik izan dira. Ez dakit krisiaren erruz izan den, baina asko jaitsi da. Berriz ere 6 milioi izan daitezen saiatu behar dugu.

Horrez gain, Orioren onurarako hainbat lan egin dira: txankako hondartzako bidea autobideko irteera, kofradia berria, tren geltokia... guztiak Foru Aldundiak ordainduta. Hori subentzioetako 6 milioietatik aparte egin da; dena kontuan hartuta, diru asko sartu zen Oriora.

Arrantzari dagokionean, Orion sei ontzi daude. Kontuan izan behar dugu sei ontzi horiek sei enpresa direla, bakoitzak 15 familia ingururi ematen dio lana. Horiek zaindu egin behar dira. Kofradia bestea aldean dagoenez, sarea josten jarduten diren emakumeek urte osoa pasa dute alde batetik bestera ontzietan joaten, luizia dela-eta ezin zutelako autoz joan. Horiei ere bidea jarri behar zaie, emakume horiek beren lana egitera joan daitezken.

Uranga

Ekonomia sustatu? Norbaitek jakingo balu ez ginateke egoera honetan egongo. Orio ez da irla bat, gaur egun 331 pertsona daude langabezian eta tasa %11,54koa da. Esan da Udalak ez duela euro bat bera ere inbertitu gaian, eta hori gezurra da. Urola Kostako Udal Elkartean ordezkaria dugu; enplegu sustapenerako 49.000 euro ematen dizkiogu elkarteari eta enpresa garapenerako 30.000.

Udalak esan dezake poligono bat egingo duela, eta lan asko ekarriko duela. Baina  enpresa batek benetan interesa izan arte eta hor kokatu nahi izan arte, jai dugu.

Kanpina da Orioko motorra. Lanpostu segurua da batetik, 25 langile inguru ditu. Bestetik, diru iturri zuzena da Orioko aurrekontuentzat. Zeharkako motorra ere bada, gure ostalariengan eragin zuzena baitauka.
Ostalaritzan eta merkataritzan alde egiteko apustua egiten dugu. Udako egun batean 4000 pertsona etor daitezke kanpotik hondartzara, eta normalean txankatik barrena bueltan joaten dira. Hortaz, informazio gune bat jarri beharko genuke udan hondartzan. Kanpotik etortzen direnak gonbidatu behar ditugu herrira etortzera pintxo bat jan, pote bat hartu eta erostera.

Sektore tradizionala ezin dugu ahaztu, gure nortasunaren parte da. 6 arrantza-ontzi, 90 arrantzale eta 9 saregile daude, eta hor nahi ditugu. Mutiozabal ontziola berreskuratu behar dugu bai ala bai. Eta baita kofradia zaharra ere.

Domingorena

Poligono industrialari dagokionez, guk pentsatzen dugu Aizperro ez dela beharrezkoa. Ubegunek baditu pabiloiak libre, eta pentsatzen dugu poligono industrial berri bat ez dela egin behar.

Zerbitzu herria da Orio, populazioaren %50ak zerbitzuetan egiten du lan, %10ak bakarrik industrian. Orio oso hurbil dago Zarauztik eta Donostiatik, eta han alokairuak oso garestiak dira. Horregatik egoki ikusten dugu Udalak laguntza fiskalak ematea hemen hirugarren sektoreko edozein jarduera ekonomiko jartzen duenari.

Pentsatzen dugu zerbitzuak bultzatu behar direla, eta zerbitzuen barruan turismoa. Baina ez hondartza turismoa, gure nortasunarekin harremana duena baizik. Krisi ekonomikoak hainbat gauza jarri ditu auzitan, eta hausnarketa kolektiboa eta norbanakoa egon da. Turismoa egiteko modua aldatzen ari da, eta hurbileko jendea etortzen ari da Oriora. Eta horren inguruan, pentsatzen dugu Motondoko ingurune erreserbatuari errendimendu ekonomikoa atera dakiokela. Hau da, Urdaibai edo Txindokiko erreserba naturalak errendimendua ematen ari diren bezala, guk ere atera diezaiokegu Motondori. Gastronomia, arrantza, tradizioa... Nazioarteko azokatan kanpina nola saltzen den ikusita, pentsatzen dugu turismo ekologikoa eta alternatiboa ere posible dela, eta hori bultzatu nahiko genuke.

Iribar

Gure ustez Plan Orokorra da Orioko ekonomia estrategia diseinatzeko markoa. Eta une honetan aukera aproposean gaude. Udal Elkartea  ere ezinbesteko baliabidea dugu.

Orioren etorkizuneko potentziala turismoan dago. Turismo eredua sortu behar dugu, herriak dituen aukeren katalogoa bateratuz. Kanpina estrategikoa da, eta legealdi honetan lehentasuna eman zaio. Hilzorian zegoen eta  biziberritu egin da. Aspaldiko partez diru-sarrerak eman ditu eta dudarik ez dut herria eta udala hauspotuko dituela.

Buelta bat eman behar zaio Goiko Kaleko Iturriaga Jauregiari, zerbitzua indartuz eta Pilliku plaza kanpokoen eta herritarren txokoa bihurtuz. Mutiozabal eta Motondo, historia eta ingumena gure altxorrak direlako turismo eredu berriaren gakoak izan daitezke.

Arrantzari dagokionez, eskumenak eta jardun eremua mugatua da. Zoritxarrez, ez dugu ahalmenik Europarekin zuzenean negoziatzeko. Guk, dauden azpiegiturak hobetzea dugu erronka: karroa, Arostegi ingurua, arrantza portua... Kofradia zaharrari buruz, 2012an  gaia konponduko zuela esan zuen EAJk. Ia hiru urte geroago, berdin gaude.

Aizperro industriagune moduan mantentzearen alde gaude, baina izan gaitezen errealistak. Zenbat pabiloi daude hutsik? Zer da merkeago, pabiloi horiei erabilera ematea edo hutsetik Aizperron dena sortzea, dirutza inbertituz?