Bi brontzezko domina Gipuzkoako Trainerila Txapelketan

Karkara 2015ko mai. 25a, 09:10
Argazkia: Joxemari Olasagasti

Emaitza onak lortu dituzte Orio AEko ontziek asteburuan: bi brontze Gipuzkoako Trainerila Txapelketan, zilarra Gipuzkoako Trainerila Ligan eta sei domina Libourneko Nazioarteko Estropadan.

Asteburu ona izan dute Orio AEko ontziek; Gipuzkoako Trainerila Txapelketa, Gipuzkoako Trainerila Liga eta Libourneko Nazioarteko Estropada jokatu dituzte eta emaitza onak lortu dituzte.

Gipuzkoako Trainerila Ligako zortzigarren eta azken estropada jokatu zuten maiatzaren 23an Orioko neskek. Mutrikun izan zen estropada eta hirugarren postuan iritsi ziren helmugara. Puntu guztiak batuta, bigarren egin zuten ligan eta zilarrezko domina jaso zuten 70 punturekin. B ontziak zortzigarren egin zuen 31 punturekin.

Bi brontzezko domina Gipuzkoako Txapelketan

Liga amaitu ondoren, maiatzaren 24an, igandean, Gipuzkoako Trainerila Txapelketa jokatu zen Mutrikun. Orio AEko bi ontzik parte hartu zuten txapelketan: neskek eta gizonezko seniorrek.

Bi brontzezko domina irabazi zituzten. Zumaia eta San Juanen atzetik 16:27.19ko denbora egin zuten neskek, eta 14:19.93koa mutilek. Hondarribia eta San Juanen atzetik iritsi ziren mutilak.

Sei domina Libournen

47 elkarte eta 2.300 arraunlari aritu ziren maiatzaren 23an, larunbatean, Libournen aulki mugikorrean. 26 ontzi aurkeztu zituen Orio AEk, eta horietatik 19k jokatu zuten finala.

Lehen 11 postuetan egin zuten guztiek, eta sei domina lortu zituzten oriotarrek. Brontzezko bi –alebinek laukoarekin eta gizonezko kadeteek bikoarekin–, zilarrezko bi –gizonezko seniorrek bikoarekin eta gizonezko jubenilek laukoarekin– eta urrezko beste bi –emakumezko kadeteek eta gizonezko kadeteek laukoarekin–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!