Hirugarrenez, garagardo bereziak herriko plazan

Karkara 2015ko mai. 27a, 13:57

Maiatzaren 29an hasiko da III. Garagardo Azoka eta maiatza bukatzearekin batera amaituko da, 31ean. Ekitaldi oparoa antolatu dute Orio Arraun Klubekoek.

50. urteurrena da Orio Arraunketa Elkartearentzat, urte berezia. Urteurreneko ekitaldi nagusia Nazioarteko Estropada izan zen, arraunketa olinpiko berreskuratzea elkartearen sustraiekin bat egitea baitzen. Elkartearen uberan etengabea izatea dakarrena, ordea, ez da Nazioarteko Estropaden berreskurapena, atsedenik gabeko txapelketen eta festen parte hartzea baizik.

Festen zerrendan, azken urteotan herrian ondo errotu den Garagardo Festa dago. Aurten hirugarrenez antolatuko da, maiatzaren 29tik 31ra.

Garagardo festan, garagardoa eta beste hamaika kontu

Maiatzaren 29an, ostiralarekin, izango da irekiera ekitaldia, herriko plazan, 19:00etan hasita. Ekitaldi horretan Mirotza sariak banatuko dira. Sarietako bat Zarauzko Aiala eskubaloi taldearentzat izango da, kasualitatea da baina Aiala taldeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta polita da hori, azaldu du Ibon Huegunek. Errepikakorra dirudi, iaz Bera-Berari eman geniolako, baina Zarauzkoa afizionatu kluba da, inor ez da profesionala, eta horrelako etxeko neska gazteak mailaz igotzea saritzeko modukoa da, gaineratu du Zigor Gazpiok. Argi eduki dutela azaldu du, inongo dudarik izan ez dutela. Eta, beste Mirotza saria, Joxe Mari Olasagastirentzat izango da, izan duen ibilbideagatik.

Ostiral gauean, 22:30ean, Low Riders taldeak kontzertua eskainiko du. Musika goizeko 1:00etan bukatuko da, orduan itxiko baita Garagardo Azoka. Azoka itxi bai, baina festa ez da amaituko. Gure asmoa, ordu horretan jendea herriko tabernetara joatea da, azaldu du Gazpiok.

Larunbatean, 13:30ean, Mini klasikoen erakusketa egingo dute plazan. 25-30 Mini inguru etorriko direla azaldu dute eta Gipuzkoatik zirkuitu bat egin ondoren iritsiko direla Oriora. Usurbiletik abiatu eta Villabonara joango dira, Andazarretatik Aiara igoko dira. Plazan aparkatu eta hamaiketakoa egingo dute. Eta, handik, Oriora jaitsiko dira. Bordatxo parean hasiko dira aparkatzen, baterian, Gure Txokoraino, dio Huegunek.

Larunbat arratsaldean beste zerbait antolatzea pentsatu zuten, baina, azkenean, bi arrazoirengatik, ez antolatzea erabaki dute. Batetik, antolatzea kosta egiten delako; eta, bestetik, Orioko erregional preferente taldeak partida erabakigarria jokatuko duelako. Bere partidurik garrantzitsuena dauka, ligaz igotzeko aukera dauka; hortaz, jendea lehendabizi partidura joatera animatu nahi dugu eta ondoren azokara etortzera. Orio Arraunketa Elkartetik zortea opa diegu, esan du Gazpiok.

Kasualitatea izaten da beti, baina urtero-urtero futboleko finala izaten da. Orain arte Championseko finala izan da, eta, aurten Errege Kopakoa izango da. Aurreko urteetan bezala, pantaila handia jarriko dute plazan partida zuzenean emateko. 9:30etan izango da hori. Pixka bat lehenago, 20:30etan, Fand&Go taldeak girotuko du plaza, eta, partiduaren ondoren ere berak arituko dira taula gainetik festari musika doinuak jartzen. Larunbatean ere 1:00etan itxiko da azoka.

Igandean, iaz antolatu zuten beteranoen estropada izango da 13:00etan. Kasu honetan, Zarautzeko klubak hala eskatuta, berak antolatuko dute. Dena den, Orioko klubak ere lagunduko dienez, elkarlanean antolatutako estropada izango da. Eta, ondoren, arratsaldeko 17:00etan, kuadrillen arteko bigarren batel estropada izango da. Bigarrenez jokatuko da, baina lehendabiziko aldiz ikurriña egongo da jokoan. Bultzada emateko helburuarekin egin dugu hori, azaldu du Gazpiok. Ostiralean amaitzen da izen ematea, baina igandean animatzen dena ere ongietorria izango da.

Eta, Garagardo Azokari amaiera emateko 20:30ean Ocho Apellidos Vascos filma proiektatuko dute plazan. Familian ikusteko filma denez eta modan dagoenez, horixe aukeratu dugu Garagardo Azokari bukaera ematek, azaldu du Gazpiok.

Prezioak ez dira igo

Prezioak beste urteetako berdinak izango dira. Gorakada txiki bat egitea ez dute oso logikoa ikusi arraun elkarteak, herritarren poltsikoetan eragina izan baitezake horrek. Hortaz, nahiago izan dute prezioak ez igo. Litro erdi bateko edalontziak izango dira eta garagardo arruntak 2,5€, bereziak 3,5€, ukondoak 9€, saltxitxak 4€ eta patatak 2€. Horrela hasi ginen eta horrela jarraitzea pentsatu dugu, argitu du Gazpiok.

Garagardo Azokarekin 4.000€-5.000€ inguru irabazten dituztela gaineratu du Gazpiok. Jende ugarik lan mordoa egin behar izaten dugu horretarako, baina klubarentzat sarrera polita da eta, gainera, jendearen gertutasuna irabazten dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!