Manterola: "Txalotzekoa da hango pasillo tristeetan duten bizipoza"

Karkara 2015ko mai. 28a, 11:40

Real Sociedad Fundazioak eta Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak ospitalerako bisitak antolatzen dituzte, hango haurrei babesa emateko. Ainara Manterola pasa den astean izan zen bisitan.

Realeko jokalaria da Ainara Manterola, hortaz, lotura zuzena du Real Sociedad Fundazioarekin. Irabazi asmorik gabeko fundazioa da, kirol jarduerak eta jarduera sozialak eta kulturalak sustatzea helburu nagusi duena. Besteak beste, duela 100 urte baino gehiagotik datozkien balioak –konpromisoa, errespetua, hobekuntza pertsonala, umiltasuna, esfortzuaren kultura, lidergoa...–zaintzeko ardura dute; eta, besteak beste, balio horien isla dira ospitalera egiten dituzten bisitak.

Pasa den astean Ainara Manterola izan zen bisita horietako batean, Uxue Garmendiarekin, Iñigo Martinezekin, Esteban Granerorekin eta Ane Piratarekin batera. Ez da lehen aldia Manterolak ospitaleko haurrak bisitatzen dituela, lehen aldiz hango ikasgelan izan baitzen denbora luzerako ingresatuta zeuden haurrekin arratsalde pasan.

Zelan joan zen bisita?

Marrazten, ikasten, idazten eta antzerako ekintzan egiten ibili ginen lehen egonaldian.

Bigarren egonaldia, pasa den astekoa, pediatrian eta onkologikoan egin zenuen.

Nahiko hunkituta atera nintzen. Inpaktu handia egin zidan. Hiru urteko eta hamar urteko neska batekin egon ginen, leuzemiarekin zeudenak. Denbora asko zeramaten ospitalean eta beren historia ezagutzea gogorra da.

Tripak mugitu zizkizun bizitakoak, ezta?

Gauza askotaz ohartzen zara, eta daukazuna askoz ere gehiago baloratzera eramaten zaitu. Asko ikasten da. Neskak, adibidez, Iñigo Martinez ikusi zuenean ez zuen irribarrea aurpegitik kendu eta poztasun hori ikustea emozionantea da oso.
 
Bere amarekin ere egon ginen hizketan, denbora luzez, eta izugarrizko indarra transmititzen zuen. Berak esan zuen bezala, gure liga bat bezalakoa da berena: batzuetan egun txarragoak dituzte, besteetan hobeagoak, baina beti irabaztera! Haurrari ere hori esaten zion, eta haurrak, erantzun: Ama, irabaziko dugu!
 
Oso gogorra da errealitate hori bizi behar izatea. Txalotzekoa da beren indarra eta hango pasillo tristeetan duten bizipoza, bai umeek, bai gurasoek.

Gauzak beste era batera ikustera eraman zaituela aipatu duzu.

Dudarik gabe. Orain pittin bat estresatuta nabil entrenamenduak eta ikasketak uztartzearekin. Zorionez, hara joateko tarte bat hartu nuen eta orduan esaten nion nire buruari: jo, ni arduratuta azterketengatik eta hauek berriz bizi ahal izateko borrokan. 

Finean, handik ateratzen zara pentsatzen ezin duzula kexatu, osasunarekin bakarrik daukagun zortearekin. Ohartzen zara biharko egunean zu egon zaitezkeela toki horretan, eta, hortaz, oraina aprobetxatu beharra dagoela ahalik eta zoriontsuen bizitzen. 
 
Atzo ez nuen malko bat bera ere ikusi, ezta kexa bat ere; ezer ez. Noski, gaizki ari dira pasatzen borroka horretan, baina ume horiek daukaten energia positiboa, indarra eta baikortasuna beren inozentzian izugarria da. Gurasoek ere indar handia ematen diete seme-alabei. Oso emozionatuta atera nintzen handik.

Entzute hutsak oilo-ipurdia jartzen du. 

Oso polita izan zen, eta beharrezkoa. Beste era bateko dosia da eta berak izugarri eskertzen dute. 

Zuen bisitak indar gehiago eman diete, ezta?

Realeko opariak ematen dizkiezu eta izugarrizko irribarrearekin gelditzen dira. Atzo batekin tratu bat egin genuen: ateratzen zenean gugana etorriko zela eta denok elkarrekin dantza egingo genuela. Izugarria da zer nolako indarra daukaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!